Maite UBIRIA
EUSKAL

ARTISAU LANA «GUZTION ETXEA» ERAIKITZEKO ERE EGOKIA DELAKO

2017ko urtarrilaren 23an batzartu zen lehen aldiz Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi bere baitan hartzen dituen erakundea. Urtemuga baliatuta, «guztion etxea» izan nahi duen horren eraikuntzan jardun duten hainbat artisaurekin mintzatu gara.

Baionako Unibertsitateko anfiteatroan iragan zen garai modernoan Ipar Euskal Herriak lehen aldiz duen erakundearen biltzar eratzailea. Ikasleek bete ohi dituzten aulkietan, egun hartan, jaioberria zen Euskal Hirigune Elkargoko Herriarteko Kontseilua osatzen duten kideak plantatu ziren. Orotara 233 kidez osaturiko biltzarrari (zehazki 231 bertaratu ziren batzarrera) egokitu zitzaion erakundearen lehenengo deliberoa hartzea. Eta ez edonolakoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan ordura arte ziren hamar herri elkargoak batzetik sorturiko erakundeko lehenengo lehendakaria izendatu behar baitzuten.

Egiari zor, batzarra bildu aitzin, sukalde lana aise aurreratuta zegoen; izan ere, erakundea bera sortzeko prozesu osoan zehar bezala, «denok batera aitzina egitea» zen sakoneko nahikeria. Hartara, hiru hautagai aurkeztu baziren ere, tartean auzapez zuberotar bat eta hautetsi komunista bat, denon ahotan zen izena gailendu zen, aparteko trabarik gabe, galtzailerik gabeko bozketan.

Ogibidez abokatua den Jean-Rene Etchegarayentzat, segur aski, bere ibilbideko auzi errazena izan zen ezinbestean kutsu historikoa hartu zuen prozedura hura. 231 kontseilarietatik 157k Baionako auzapezaren aldeko boza eman zuten. Ondorioz, biltzarretik eskuraturiko erabateko sostenguaz abiatu zuen bere ibilbidea agintari zentristak.

Geroztik eginiko ibilbideaz duen sentipenaz galdetuta, «emozioz baina baita arduraz beteriko urtea» izan dela dio Etchegarayk. Aurtengo urteari begira, Euskal Elkargoak dituen egitasmoak azaltzeko lehen aldikoz agiantzen zeremonia egin zuen iragan astelehenean erakundeak Saran. Ehunka hautetsi, Pirinio Atlantikoetako prefeta, Nafarroako Gobernuko gonbidatuak eta gizarte zibileko ordezkari anitz izan zituen entzule lehendakariak –duela urtebete, irakasleen gisara, Baionako unibertsitatean elkartutako biltzarkideen aurrean eginiko bere lehen hitzaldian Garat anaien lehenengo saiakera hartatik gaurdaino Iparraldeko erakundetzea irmoki defendatu duten «aitzindari guztiak» izan zituen gogoan–.

«Erronkaz beteriko ibilbidea jorratu dugu, baina urte baten buruan zerbitzu publikoaren jarraikortasuna ez dela inoiz zalantzan egon erran behar dugu eta, apaltasunez, hori arrakasta polita da», azaldu zigun Etchegarayk oholtza bereganatu aitzin.

Hutsuneak eta erritmoak

Estatuak Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialaren babesa zuen elkargo bereiziaren aukerari ezezkoa eman ostean, Frantziako lurralde antolaketa berriari bide emateko sortutako “NOTRe” legearen babespean eratu zen Euskal Hirigune Elkargoa. Eskuduntza maila mugatu batekin, baita beste oinarrizko gabezia larri batekin ere, herritarrek ez zutelako zuzeneko botoaren bidez bertako kideak hautatzeko aukerarik izan.

Hutsune horiek ez dutela hautetsi guztiengan kezka bera sortzen ezin da ukatu. Bere diputatu akta eskuratu aitzin, Florence Lasserre-David La Republique en Marche-ko hautetsi eta Angeluko herri kontseilariak «lasaitasuna» aldarrikatu zuen, iragan udaberrian GARAri emandako elkarrizketan. Urrunago begiratu baino, adibidez eskuduntzei edo sufragio unibertsalaren gabeziari loturiko hutsuneak betetzeari, argi utzi zuen bere lehentasun bakarra, gaur gaurkoz, herritarrentzat garrantzi handia duten «zerbitzuen kudeaketa» dela.

Biztanleei zerbitzu egokiak emateko nahikeria horrekin bat eginik, Etchegarayk argi du, ordea, erakunde berria ez dela frantziar lege baten «eranskin bat». Bere erranetan, «legeak dituen hutsuneak eta mugak orekatzeko lurralde baten inteligentzia ekimena da Euskal Elkargoa». Hitza hitz, hasieran aitortzen zitzaion eskuduntza eremua gainditzeko anbizioa erakutsi du erakunde gazteak bere estreinako urtean.

Ekonomia, Lurralde Garapen eta Laborantza sailburu Michel Etchebestek nabarmendu duenez, «elkargoa plantatzeko urtea jina da eta behin etxea egituratuta, orain behar dugu egitasmo politikoak aitzineratu». Elkargoko 15. lehendakariordearen ustez, «oraindik ere antolakuntzan sakondu eta zenbait hutsune zuzendu behar baditugu ere, denok bat eginik aitzina eginen dugu».

Etchebestek ordezkatzen duen herrialdean, Zuberoan, hasiera batean elkargoarekiko mesfidantza nabarmenak ziren. Biztanle gehien duen kostako hirigunearen eta populazio galerari loturiko ondorio txarrak pairatzen dituzten barnealdeko herri ttipien artean oreka bilatzea ez da batere lan erraza.

«Bai, beldur horiek baziren, herri ttipiak, mendiko eskualdeak, baztertuak ote ziren baina, nire ustez, lan eginez lortu dugu zalantzak uxatzea», aitortu zigun Sarako ekitaldira hurbildu zen Mauleko auzapezak, mezu baikorra utzi aitzin: «Etxe handia ez da egun batez altxatzen, abiatuak gara eta uste dut ezkor zirenek ere gaur onartu behar dutela hau martxan dela, eta gainera gatazka handirik egin gabe aitzina badoala».

Etchegaray lehendakariak, horren harira, oharra egin zuen: «Gizarte orekatuago baten alde lan egiten duen erakunde baten buru izateko nahikeria agertu dut askotan; are gehiago, ez dut horren alde lan egiteko balio ez duen egitura baten gidaria izan nahi». Horregatik garrantzitsutzat jotzen du «lurraldeak behar dituen gizarte politikak zehazki identifikatzeko» Elkargoak eginen duen azterketa, hemendik udara bitartean. Agiantzen ekitaldian azpimarratu zuenez, «elkartasunik gabe ekintza publikoak bere zentzua galtzen du, oraingoan Elkargoa badugu; beraz, Iparralde osorako zerbitzu hurbilak eta kalitatezkoak bermatzeko lan egin behar dugu».

hiriguneak eta landa eremuak

Elkargoarentzat aholkularitza lana egiten duen Auzapezen Biltzarreko buru Lucien Betbederrek ere hau aitortu zigun: «Barnealdean beldur bat bagenuen deliberoak urrun hartuko ote ziren, baina Elkargoa hurbilpen lan bat egiten hasi da, gure herri txikien hitza entzuteko prest dela erakutsiz».

Donibane Garazi eta Donapaleuko igerilekuak zabaldu ondotik, kirol azpiegituren plangintza plantan eman nahi du aurten Elkargoak. Horrez gain, adinekoentzako zerbitzu berriak zabaldu zituen iaz Maulen, Atharratzen eta Donapaleun, bina zerbitzu gune Bardozen eta Donibane Garazin, eskolako jangela bat Bidaxunen... 2017ko bilana egiteko unean «kudeaketa hurbila» nabarmendu zuen Etchegarayk, «ur eta saneamendu zerbitzua lehen aldiz hiru lurraldeak aintzat hartuta emanen dugula ahantzi gabe».

Zerbitzu horren zifrak adierazgarriak dira: urte hasieratik 198.000 herritarrek elkargoaren bidez jasotzen dute edateko ura, eta bertze 146.000k, saneamendu zerbitzua.

Txikitik handira, asmoak nonahi: Martine Bisauta begiradapean, klimari buruzko plana urte bukaerarako egikaritu nahi du Elkargoak eta, Euskararen Erakunde Publikoari diru ekarpena bikoiztu ondoren, aurki euskara politika publikoetan sartzeko egitasmoa aurkeztuko du.

Hain zuzen, Daniel Oltzomendi Izurako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko Turismo eta Ondare saileko arduradunak erakundeak eztabaidagune gisa duen balioa azpimarratu zigun. «Eztabaida anitz izan dira, behar genituen eskuduntzak elkarrekin ikusi ditugu eta aurten Euskal Herriko eremu honendako dugun proiektua behar dugu adostu», azaldu zion GARAri. Era berean, lurraldeari buruzko gogoeta prozesuari azpimarra jarri zion EH Baiko ordezkariak. «Denon artean hizkatu behar dugu, lan sailak zehaztu, finean, euskal lurraldearentzat egitasmo bat marraztu», gaineratu zuen.

Lapurdiko kostatik berdintsu mintzatu zen Hendaiako auzapez sozialista. Kotte Ezenarrok laburbildu zuenez, «lurralde proiektuari buruz hausnartu, eskumenak zehaztu eta aurrekontuaren baitan erabakiak hartu, horiek dira gure lehentasunak aurten».

Iazko batzar eragilean bere alderdia kexu agertu zen barne orekari buruz. Urte baten buruan, aurreko lerroetan hitz egin duten beste eragileekin bat eginez «ezberdintasunetatik harago inteligentzia kolektiboa badela frogatu dugulako» kontent azaldu zen.

Hitz batez, «guztion etxea» altxatzeko ere artisau lana egokia dela frogatu du Euskal Elkargoak bere estreinako urtean, baita esku guztiak beharrezko direla eraikin hori, aitzina begira, sendotzen jarraitzeko.