Surflari ernegatua

Beti polemikan

Olatu handietako txapelketak polemikoak dira. Batetik, txapelketa egiteko hautatzen den lekuko surflarien baimena behar delako. Surflari ez direnek ez dute ulertzen lokalismoen afera hau, ezta nik ere, baina horrela da. Bestetik, gehienetan marea puntu zehatz bat behar izaten da eta txapelketa egun bakar batean egiten da, beraz parte hartzea mugatua da. Ondorioz, urautsiko jabeen oniritzia eskuratu ostean ere arazoak izaten dira; Nork parte har dezake lehian? Nork hautatuko ditu lehiakideak? Nork du gonbidapenak emateko eskumena?

Halako lehiaketa bat egiteko eragile desberdinen kontsentsua behar izaten da, eta horren ostean, lehiakideak hautatzeko ordua iristen da, eta hor beti badira gonbidatuen zerrendatik kanpo geratzen diren surflariak, horregatik beti izaten da haserretzen den norbait. Hori ekiditeko modu bat hautapen irizpideak garbi azaldu eta berauek zorrotz aplikatzea da, baina horrela eginda ere, beti dago bere arazo pertsonalak kolektibo bilakatzen saiatzen den norbait. Egungo gizarte ereduaren ezaugarrietako bat da.

Hautapen irizpideak zalantzan jartzea eta kritikatzea bidezkoa eta aberasgarria da, kontua da eztabaida gehienek ondorioak izaten dituztela oinarri eta ez sorburuak. Alegia, ondorioa bada X kalean geratu dela, X-k egingo duen proposamenaren oinarria honakoa izango da: «Zein irizpide proposa dezaket nola edo hala nire plaza lortzeko?». Jarrera miserablea da, baina gutxienez zilegi da.

Oraindik eta hedatuago dagoen jarrera ordea, are eta ankerragoa da. Aurrez egin diren urrats guztiak kontuan hartu gabe eta musu-truk beren onena ematen ari diren elkarte desberdinetako surflarien lana gutxietsiz, kritika orokorrak egiten dira. «Federazioak gauza bat gaizki egin du (premisa), beraz dena gaizki egiten du (ondorioa)”. Harrigarria da jarrera hau publiko egiten dutenek jasotzen duten babes zabala, ez da inon eztabaidarik sortzen, soilik aldekoak daude. Hori da dagoen maila, eztabaidarik ez, argudiorik ez, jarrera eraikitzailerik ez, deskalifikazio pertsonalak usu, eta kontsentsuaren ordez, norberaren ideia gainjartzea helburu.

Debako txapelketan, esaterako, EHSFri egin dioten kritika nagusia, ongi ulertu badut (zeren hori bestea da, argudioak plazaratzeko gaitasun falta), zera da, eliteko txapelketak eta surflariak bakarrik bultzatzen dituztela. Kanturi Surf Liga, Euskal Zirkuitua, eta abar, orduan, eliteko surflarientzat dira? Gonbidapen bidezko txapelketa baten hautapen irizpideekin ados ez egotea uler dezaket, eta eztabaida maila horretan balego aberasgarria ere izango litzateke, baina ez da horrela.

Txapelketa herrikoi batean irabazleak mundu mailako zirkuituan lehian ari diren surflariak badira, arazoa ez da antolatzaileek eliteentzako txapelketa bat egin dutela, arazoa da, mundu mailako lehiakideak ulertu behar duela halako txapelketa bat maila apalagoa duten surflarientzat egiten dela. Haiei inork ez die ezer esango, lehiatzeko eskubidea baitute, beraz norbait ados ez badago egin dezala beste proposamen bat, formula desberdinak proba daitezke, baina hori egitea, ados ez dagoenari dagokio, ez ados dagoenari.