Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Euskal artikoa

Asteon «infantilizazio» hitza sarri gurutzatu da nire bidean. Lehenik EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle bati entzun diot, EITBko “Gaur Egun” eta “Teleberri”-ren ildo informatiboa deskribatzeko. Umeak bezala tratatzen gaituzte, gauzak kontatzeko modua eta ezkutatzen digutena iraingarria da. Kataluniako berri izateko EITBz ahaztu eta TV3ko albistegiak ikusten dituela aitortu didan enegarren euskalduna.

Nazioarteko erakunde ekologista batean lan egiten duen lagun batek ere euskal gizartea eta infantilizazio berbak uztartu zizkidan birritan pentsatu barik. Euskalgintzari buruz genbiltzan, euskaraz aritzeko motibazioa sortzeko bide berriez. Euskara, ekologismo eta feminismoaren hiruki interesgarria zelan konpaktatu aztertzen. Nire lagunaren ustez, hiru eraldaketa ildo horiek (hizkuntza, natura eta genero berdintasuna) feminismoa dira; hau da, soilik gizakiaren alde femeninoa potentziatuta lor genezakeen oreka harmonikoaren aldeko transformazio motel bezain etengabea.

Bere berbetan, ez dugu euskararen egoeraren gaineko kezka sozialik eragin nahi (60ko hamarkadan zegoen bezala) baina, aldi berean, jendeak hizkuntzarekiko jarrera aldatzea gura dugu. Estrategia hori, bere esanetan, gizartea ume bezala tratatzea da, mugimendu sozialen arrakastaren gakoa ez ulertzeaz gainera.

Parodia bat egin zidan euskaltzaleon diskurtsoa berak kudeatzen duen Artikoari buruzko egitasmora ekarrita. «Tira jaun-andreok, egia da azken hamar urteetako datuak txarrak direla, artikoa urtzen ari da, baina ez gaitezen kezkatu. Gero eta jende gehiagok kontsideratzen du bere burua ekologista eta apurka-apurka birziklatzen ere hasi gara. Gas emisioak izugarriak dira oraindik, baina zuhaitzak landatzen gabiltza. Gainera, ezin dugu gizakia bere ingurua ez suntsitzera derrigortu, demokrazia batean bizi gara. Ez estutu, gu bizi garen bitartean klima aldaketak ez dira izugarriak izango. Hezkuntzan dago gakoa, hurrengo belaunaldiek ikas dezatela ekologista izaten, eurek dira etorkizuna, eurek egingo dute».

Begietara begira agurtu ninduen hau esanez: guk egingo bagenu ez genuke daukagun babes sozialaren hamarrenik izango. Horrez gain, gure espeziea desagertzera kondenatuko genuke.