GARA
Donostia

Emakume bertsolarien erronka eta lorpenak, Renon

Jone Miren Hernandez ikertzailea eta Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsolariak Renon izango dira urtarrilaren 29tik otsailaren 3ra bitarte egingo diren National Cowboy Poetry Gathering izeneko topaketen baitako jardunaldietan.

Bertsolaritzak Euskal Herriko mugak gaindituko ditu berriro. Kasu honetan, AEBetaraino iritsiko da haien jarduna, batez ere emakumezkoena, Renoko Euskal Ikasketen Zentroak antolatu dituen jardunaldien bitartez. Jone Miren Hernandez bertsolaritzaren alorreko ikertzailea eta Maialen Lujanbio –2017ko Bertsolari Txapelketa nagusiko irabazlea–, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsolariak izango dira aurtengo gonbidatuak.

Urtarrilaren 29tik otsailaren 3ra National Cowboy Poetry Gathering izeneko topaketak gauzatuko dira Elkon, Nevadan, The Western Folklife Centerren eskutik. Topaketa horren baitan antolatu ditu Renoko Euskal Ikasketen Zentroak “Female Improvisational Poets: Challenges and Achievements in the Twentieth Century” (Inprobisazioan ari diren emakume poetak: erronkak eta lorpenak XX. mendean”) izeneko jardunaldiak, Mintzola Ahozko Lantegiaren laguntzarekin. Euskal Kultur Erakundearen (EKE) babesa ere jaso dute.

Jardunaldi horietan hartuko dute parte Jone Miren Hernandez (Lasarte-Oria, 1970) ikertzaileak, Maialen Lujanbio (Hernani, 1976) bertsolariak eta Miren Artetxe (Hendaia, 1985) eta Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) ikertzaile eta bertsolariek. Topaketetan euskal kulturarekin eta bertsolaritzarekin lotura duten beste zenbait ekintza ere egingo dira: besteak beste, “Bertsolari” ikus-entzunezkoa eskainiko da.

“Female Improvisational Poets: Challenges and Achievements in the Twentieth Century” jardunaldiak urtarrilaren 29an eta 30ean gauzatuko dira aipatutako topaketen baitan. Hernandez, Lujanbio, Artetxe eta Iguaranekin batera hizlari izango dira Joseba Zulaika idazle eta antropologoa eta Carolyn Dufurrena eta Amy Hale Auker poetak.

Jardunaldiak apailatzeko ideia 2016an sortu zen, Mintzolak antolatutako “Europa bat-batean” kulturen arteko topaketan. Mintzolak jakitera eman duenez, aurrerantzean auzolanean segitzeko asmoa dute Renoko Euskal Ikasketen Zentroarekin, nola kantu inprobisatuaren Kulturartea Maparen egitasmoan hala kantu inprobisatuari buruzko jardunaldi edota argitalpenen sustapenean.