GARA
BILBO

Prostituziora behartutako hamar emakume «askatu» dituzte Bilbon

Hamar emakume nigeriar «askatu» dituzte Bilbon, prostituzioan aritzera derrigortuak zirenak, eta beste hainbeste proxeneta atxilotu, bederatzi Bizkaiko hiriburuan eta bat Tuteran. Polizia espainiarrak egin du operazioa. Benidormen beste bi emakume «utzi ditu libre».

Bederatzi pertsona atxilotu ditu espainiar Poliziak Bilbon eta beste bat Tuteran, nigeriar jatorriko hainbat emakume prostituzioan aritzera behartzen zituztela leporatuta. Alacantera ere zabaldu da operazioa. Lau lagun hartu dituzte han gatibu.

Europa Press agentziak jaso zuenez, hamar emakume «askatu» zituzten proxeneta horien eskuetatik Bilbon eta beste bi Benidormen. Antza denez, andreek engainatuta bidaiatu zuten Estatu espainiarrera eta 30.000 euroko zorrari egin behar zioten aurre. Astero egin beharreko ordainketetan atzerapenik bazen, 5.000 euro handitzen zieten zorra. Budu errituak eginen zizkietela esanez ere mehatxatzen zituzten.

Poliziaren arabera, proxeneten antolakundea Nigeria, Maroko, Libia, Italia, Belgika, Norvegia eta Estatu espainiarrean zegoen ezarria. Lau taldetan zegoen banatuta eta laurek egitura bera baliatzen zuten emakumeak Nigeriatik Europara ekartzeko, baita dirua zuritzeaz arduratzen zen pertsona bat ere. Orotara hamalau lagun atxilotu zituzten, bederatzi Bilbon, bat Tuteran eta beste lau Alacanten.

Iturri berberek jakinarazi zutenez, 2015ean hasi zituzten ikerketak nazioarteko polizien elkarlanari esker. Bruselako Polizia Federalak emakume bat identifikatu zuen, pertsonen salerosketaren biktima zela azaldu zuena. Nigerian harrapatu zuten eta Europan prostituzioan aritzera derrigortu gero, antolakundearekin zuen zorra ordaintzeko. Informazioa Estatu espainiarreko polizia espezializatuengana ailegatu zen eta egitura kriminala lau antolakundez osatua zegoela deskubritu zuten. Guztiak sexu esplotaziora bideratuak zeuden. Bakoitzak jatorri nigeriarreko emakume bat zuen buru.

Emakumeak Nigerian harrapatzen zituzten, lan eskaintza faltsuekin engainatuta. 30.000 eta 35.000 euro arteko zorrak pilatzen zituzten Estatu espainiarrera bidaiatzeagatik eta gaizkileek zor hori ordain zezaten lortzen zuten, budu errituekin mehatxatuz. Emakumeek fideltasun kontratu bat sinatzen zuten antolakundearekin eta betetzen ez bazuten eurei eta familiei zoritxar mota guztiak gertatuko zitzaizkiela esanez mehatxatzen zituzten.