Dispertsioak urteko lehen ezbeharra eragin duela salatu du Etxeratek
Topaseko espetxean dagoen Xabier Ugarte Villar euskal presoaren emazteak ezbeharra izan zuen larunbat ilunabarrean, bisitaren ostean. «Zorionez, ez zuen inongo zauririk sufritu bidaiariak», nabarmendu zuen Etxeratek.
Presoen senide eta lagunen elkarteak dispertsio politikak eragindako urteko lehen bide istripua izan den ezbeharra salatu zuen atzo prentsa ohar baten bidez. Bertan jakinarazi zuten Topaseko espetxean (Salamanca, 403 km) dagoen Xabier Ugarte Villar euskal presoaren emazteak istripua izan zuela. 19.30ean, bisita ostean, Euskal Herrira abiatu zen Susana Uribetxeberria. Topaseko espetxetik bi kilometrora, baina, ibilgailuak animalia baten aurka jo zuen, ustez basurde bat izan zitekeen; animaliak ihes egin zuen kolpearen ostean. Emakumea onik atera bazen ere, «autoa bertan utziz Euskal Herrira itzuli behar izan zuen taxi batean», azaldu zuen Etxeratek.
29 urte dispertsioa sufritzen
Ezbehar horren harira, euskal presoen senideen elkarteak bi gauza nabarmendu zituen bereziki. Batetik, «urte hasierarekin bat gure kontagailua hutsetik hasi bada ere», 29 urte beteko dituen dispertsio politikak 400 istriputik gora eta milatik gora zauritu eragin dituela gaur arte, «horrek suposa dezakeen ardura politiko guztiarekin».
Bestetik, Xabier Ugarteren emaztea, beste ehunka euskal preso politikoren senide eta lagun bezala, ez zela Salamanca inguruko errepide horietan ibili behar: «Presoak bisitatzeko eskubidea bermatzearren, bidaia luze bezain arriskutsuak egitera behartuta izaten dira asteburuero ehunka euskal herritar, eta nahitaezko bidaia luze hauen erruz 16 hildako izan dira».
2017. urtea amaitzear zela, abenduaren 28an, gertatu zen aurreko istripua. Kasu horretan, Marta Igarriz presoaren senideek ezbehar larria sufritu zuten.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
