Jon GARMENDIA
Idazlea

Mania

Urteroko zita bilakatu zait FIPA, Biarritzen ospatzen den nazioarteko jaialdia, telebistarako telesail eta dokumentalena. Txukun antolatua eta distiratsua den lehiaketan dozenaka lan ikusten ditut, arrapaladan, ikusi dudanak memorian zerbait utzi ote didan pentsatzeko astirik gabe. Miditik Casinora eta Bellevuera ondoren, areto batetik bestera, Lapurdiko hiriak eskaintzen dituen aisiagune arkitektonikoei atentziorik eskaini gabe. Eta halatsu ibiltzen da ekoizlea, epaimahaikidea, edo argazkilaria, eta antzeko lanetan ibili denak badakit ondo ulertuko nauela. Plazera da jaialdia halere, begientzat gozamena, eta gutti batzuek duten pribilegioa ene lana, hala kausitzen dut. Aurtengoan, ordea, ez dut gozatu, ez osoki. Hasteko, urte honetako gonbidatua Israel zela jakin nuenean zerbaitek oker egin zidan aurpegian. Badakit juduak direla industria honen jaun eta jabe, prefosta, baina haien apologia egiteko modu aski bazutelakoan beste norbait hautatzea interesgarriago neritzon. Eta polemika piztu zen hastapenean berean, hedabideetan, eta publikoaren artean gero. Ez noa kritikaren haria jarraitzera, ezta lanen kalitateaz mintzatzera ere, jaialdiak erakarri dituen zenbait jenderi buruzko iritzia ematera baizik. Munduaren itzulian dabilen Joseba lagunak aipatu zidan bidaietan topatu dituen israeldarrak desatseginak direla oro, badutela halako prepotentzia bat. Tira, aste honetan, komuneko ilaran, kafea eskatzeko txandan, autoa aparkatzean, errespetuzko edozein kontutan israeldar batekin egin dut topo desatseginki, agian kasualitatea baino ez da, hangoak ere zintzo eta onen artean banatuko baitira, baina mania hartu diet.