Urrats galanta egin dute
Olaizola II.ak eta Imazek seigarren garaipena eskuratu dute eta finalerdietatik oso gertu daude.

BENGOETXEA VI-LARUNBE 14
OLAIZOLA II.A-IMAZ 22
Urrats galanta egin zuten atzo Aimar Olaizolak eta Ander Imazek Binakako Txapelketaren finalerdietan egon ahal izateko. Goizuetako aurrelariak eta Oiartzungo atzelariak partida oso txukuna egin zuten Gasteizko Ogeta pilotalekuan eta 14-22 menderatu zituzten jada aukera guztiak galdu dituzten Bengoetxearen eta Larunberen aurka.
Pilotakada ederrak jo arren, Mikel Larunbek huts gehiegi egin zituen –bederatzi pilota argi galdu zituen guztira–, eta hori garesti ordaintzen da Olaizola eta Imaz bezalako bikote sendo baten aurka. Oiartzuarrak bikain eutsi zuen atzean –bi pilota bakarrik galdu zituen–, eta Aimar Olaizolak berriz ere sekulako erakustaldia eman zuen errematean –9 tanto jokoan eginak eta beste bat sakez, nahiz eta bost pilota ere galdu zituen, ulertzekoa zenbat arriskatzen duen kontuan izanda–.
Aurreneko zatian, ordea, markagailua parekatuta joan zen, eta bikote bakoitzak bere takadak egiten zituen. Gorriak 2-0 aurreratu ziren adibidez, Olaizolak eta Imazek galdutako pilota bana tarteko, baina urdinek azkar eman zioten buelta egoerari eta aurrea hartu zuten markagailuan: bost tantoko partzial batekin, 2-5 agintzera pasa ziren.
Aipatu beharra dago Oinatz Bengoetxea lanerako prest joan zela bereziki kuttuna duen Gasteizko pilotalekura, eta bi tanto ederrekin 5nako berdinketa ezarri zuen. Lau tantoko beste partzial batek abantaila eman zien berriz aurkariei (5-9), baina gorriek egoskor lanean jarraitu eta 9-9ko berdinketa lortu zuten, partidako azkena izango zena.
Izan ere, hortxe amaitu ziren gorrien ametsak. Mikel Larunberen huts argi batek aurretik ipini zituen urdinak eta amaierara arte ez zioten errenta horri ihes egiten utzi. Batzuetan irabazleen merituz, besteetan galtzaileen hutsengatik –Larunbek behera egin zuen bigarren erdian–, Olaizola II.a eta Imaz azkar joan ziren 14-22ra, 401 pilotakada eta 50 minutuko iraupena izan zuen partidan.
«Puntu honek asko balio du guretzat, oraindik lanean segitu behar dugu baina nik uste dut aurten ere zazpi garaipenekin bikoteren bat sailkatuko dela finalerdietara», adierazi zuen Aimar Olaizolak partida amaieran. «Nik tantoak egiten ongi asmatu dut, nahiz eta galdu ere egin ditudan pilotak, normala da behartuta jokatzen duzunean. Eta Anderrentzat ere garrantzitsua da garaipen hau, konfiantza hartzeko balioko diolako eta orain arte izan dituen urduritasunak atzean uzteko», gaineratu zuen goizuetarrak pozarren.
Tristeago ageri ziren aurkariak. «Ez da gure txapelketa izan. Partida batzuetan nik gaizki jokatu dudalako eta beste batzuetan Mikeli kosta egin zaiolako, gauza da ez dugula gure maila ematerik izan», onartu zuen Oinatz Bengoetxeak burumakur. «Partida on batzuk egin ditudala uste dut, baina egia da azken hauetan ez naizela batere gustura sentitu. Faktore asko aztertu behar dira, baina argi dago aurtengoa ez dela gure txapelketa izan», izan ziren Mikel Larunberen hitzak.
Hurrengo jardunaldian, Olaizola II.ak eta Imazek Ezkurdia-Zabaletaren aurka jokatu behar dute Labriten, eta Bengoetxea VI.a-Larunbek Laso-Albisuren kontra Larraintzarren.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
