Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Gailur ekaiztsuak» obra klasikoa ekarri du euskarara Irene Aldasorok

Ingeles literaturako klasiko esanguratsuenetakoa da Emily Brontek 1847an idatzitako «Wuthering Heights», Heathcliff-en amodio eta obsesiozko kontakizuna ardatz duen eleberria. «Literatura arrosa» izatetik urrun, obra honek «helduleku asko» dituela uste du Irene Aldasorok. Itzultzaile idiazabaldarrak ekarri du euskarara Bronteren lan hori, «Gailur ekaiztsuak» (Igela-Erein) izenpean eta Literatura Unibertsala bildumaren barruan.

Askatasun egarria, giza loturak, ezinezko maitasunak... Emily Bronte-ren “Wuthering Heights” eleberriak helduleku asko ditu, obra euskarara ekarri duen itzultzaile Irene Aldasororen hitzetan: «Zeinek irakurtzen duen, gauza bat edo bestea aterako dio, ez baita bakarrik maitasun ikaragarri eta bortitz baten istorioa, alderdi askotatik begira dakiokeen obra da, ez da nobela arrosa», defendatu du.

“Gailur ekaiztsuak” (Erein-Igela) izendatu du euskarazko bertsioa eta, bertan, Heathcliff-en amodio eta gorrotozko istorioa kontatzen da: bere arrebaorde Catherine Earnshawk-ekin maitemindua dago eta, honek Edgar Lintonekin ezkontzeko baztertzen duenean, hasieran urrundu eta ostean mendeku hartzeko itzuliko da Heathcliff.

Aldasororen hitzetan, ingeles literaturako klasiko garrantzitsuenetakoa izateaz gainera alderdi asko dituen obra ere bada. «Gazte batek irakurtzen badu, denoi gaztetan gertatzen zaigun bezala, agian maitasun ikaragarri horretan kateatuko da baina, denborarekin, bigarren edo hirugarren irakurraldi baten ostean, beste alderdi interesgarri batzuk ikusten dira», ziurtatu du, eta liburua irakurtzen ari den gazte batek esandakoa ere kontatu du: «Oso gaurko istorioa dela esaten zidan, eta uste dut horregatik dela istorio unibertsala: unibertsala izateko behar du izan garai guztietakoa eta adin guztietakoek zerbait ateratzeko modukoa».

Obra Aldasororen proposamenez ekarri da euskarara, eta, bere hitzetan, obra luzea (itzulpenak 471 orrialde ditu) eta trinkoa izateak itzulpena zaildu egiten du. «Pasarte askotan korapilatu egin naiz, nola adierazi hor dagoena... Ezaugarri zehatz batzuk dituen obra da», zehaztu du, eta Bronteren eleberria euskaraz ematearen garrantzia ere azpimarratu du. «Inportantea da euskaraz ere halako obra esanguratsu edo ezagunak irakurri ahal izatea, euskarak behar dituelako testu soilak, behar dituelako ere maila ertainekoak, baita maila literario landuagokoak ere», ziurtatu du. Maila orokorrago batean, oro har itzulpengintzak egiten duen ekarpena ere goratu nahi izan du Aldasorok, «poliki-poliki euskarari ekarpentxoa egiten diolako. Zenbat eta gehiago erabili hizkuntza, orduan eta malguagoa egiten da eta, beraz, edozein itzulpenek ekarpena egiten dio hizkuntzari berari», defendatu du.

“Gailur ekaiztsuak”, irakurtzean arreta eskatzen duen eleberria dela ere nabarmendu du, «irakurketa jarraitu bat egiteko liburua da», eta itzultzeko orduan izan duen zailtasun nagusia zenbait erabaki hartu behar izatea izan dela nabarmendu du.

Goierriko hizkeradun morroia

Erabaki horien artean, pertsonaietako baten izaera marrazteko hartu behar izan duena aipatu du: «Jendeari atentzioa eman dio. Pertsonaia hori morroi bat da, biblia irakurlea eta erlijioa oso muturrera eramaten duena».

Jatorrizko eleberrian Yorkshireko hizkera eta ahoskera darabiltza pertsonaia horrek, bere izaerari marka jartzen diotenak. «Nobelan zehar dialekto horretako hitzak daude eta, noski, hitz horiek ezin izan ditut kokatu. Lekukotasun hori adierazteko erabaki dut Gipuzkoako Goierri aldeko ahoskera jartzea, euskara batutik apartatzen duena», zehaztu du.

Itzulpengintzan egin behar izaten diren hautu horiek beti zailak direla ere adierazi du Aldasorok, «eta niri ere egokitu zait halako aukera bat egin behar izatea. Batzuek esaten dute ez dela egin behar, besteek baietz... Denetariko iritziak daude, eta nire aukera izan da pertsonaia horri ematea lekukotasun edo berezitasun hori».