NUPen Erizaintza euskaraz izatea aldarrikatu dute
NUPen Erizaintza euskaraz ikasi ahal izatea eskatu zuten atzo Iruñean. Hori lortuz gero, Osasunbidean euskaraz artatzeko gaitasuna izango duten profesionalak izango direla nabarmendu zuten.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) euskarazko Erizaintza ikasketak izatea aldarrikatu zuten atzo Iruñean. Ikasle Abertzaleek, Behatokiak, LABek, ELAk, Steilasek eta Iruñeko Euskalgintzak bat egin dute eskari honekin.
Osasunbideko erizain Bakartxo Razkinek salatu zuenez, «urteetan ez da neurri eraginkorrik hartu osasun alorrean herritarrak euskaraz atendituak izan daitezen» eta Nafarroako Gobernuaren ardura nabarmendu zuen. Egun, Osasunbidean ez da %50era heltzen. Nafarroako Ospitale Gunean ez dago euskarazko profila duen lanpostu bakar bat ere. UPNren Gobernuak 2007an eta 2009an egin zituen lan eskaintza publikoetan (LEP) 1.500 lanpostutik soilik hamarretan eskatzen zen euskara.
Egoera horri aurre egiteko, lan eskaintzetan euskara eskatzearekin batera, lanpostu horietako profesional euskaldunak prestatu behar dira eta horretan NUPek ardura du.
NUPeko ikasle Markel Floresek Unibertsitatera heldu arte ikasketa guztiak euskaraz egin zituela gogoratu zuen. «NUPen euskaraz formatzen ez gaituztelarik, ondotik osasun publikoan zerbitzua euskaraz bermatzea zaildu egiten da. Larriagoa da afera, aintzat hartzen badugu NUPen Erizaintza graduan matrikulatuak gauden ikasleen erdiak baino gehiago euskaldunak garela», gaineratu zuen.
EHUko ikasle Lorea Martinezek Erizaintza graduko ikasketak euskaraz egin ahal izateko Nafarroatik kanpora, Donostiako Ibaetako campusera, joan behar izan zuela oroitu zuen. Zentzugabetzat jo zuen egoera hau, «are gehiago NUPek bere plan estrategikoan ikasleak erakartzeko ildoak definitzen dituenean, baina bertako ikasleak uxatzen gaitu graduak euskaraz ez eskaintzegatik».

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
