Ama hil da
Eta ez dauka erremediorik. Okerrena horixe da, esaten dut neure artean, gauaren erdian esnatzen naizenean. Naizenetan. Ez daukala atzera bueltarik. Bizitza ez da asko aldatu. Haizea, ogia, mahai gaineko ordenadorea, leihotik zintzilik dagoen arropa, albotik pasa den katua: dena da berdina. Baina bat-batean hura besoetan hartzeko gogoa pizten zait, eta ez dagoen gorputzak erre egiten nau. Labazko ibai bat magalean hartzea bezala: ez dagoenaren arantzaz betetako haize solidoa, erpinez osatua, malefikoa. Ez dago, esaten dut neure artean. Ez dago, ez dago, ez dago. Jada gertatu zait kalean ikusi dudala uste izana. Abisatuta nengoen: ikusi egingo duzu, eta okerrena izango da segundo erdiz sinetsi egingo duzula. Are okerragoa da, ordea, entzutea. Esate baterako gauez, niri deika. Lander. Nire izena da, baina arrotza ematen du haren ahotsean. Hor zaude?, galdetu nahi nioke. Ez naiz horretara iritsi. Oraino. Iritsiko da akaso: hor zaude? Esadazu, hor zaude? Nora joan zara? Nora joaten zarete? Zoriontsuak al zarete mugaz bestaldean? Barkatzen ote dituzue guk egindako okerrak? Eraman al dituzu zure betaurrekoak? Hala bada, zergatik daude hemen, zure mesanotxean? Eta ez badituzu eraman, utz al niezazkizuke inon? Esan, eta joango naiz. Oinez, korrika, arrastaka: joango naiz. Nire bizitzan egingo dudan azken gauza bada ere.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
