GARA
GASTEIZ

Hegoaldeko ikastolek langileen egonkortasuna sendotzea aldarrikatu dute

Ikastoletako lan hitzarmenak 2009-2010 urtetik berritu gabe daudela kexatu ziren, duela bi urte Nafarroan eta duela gutxi EAEn negoziatzen hasi arte. Administrazio publikoei finantziazio «egokia» exijitzen diete.

EAEko ikastoletako LAB sindikatuko ordezkariak elkarretaratu ziren atzo Gasteizen, Lakuaren egoitzaren aurrean, langile guztien egonkortasuna sendotzearen aldarrikapenarekin. Hezkuntza sistema sendoa lortzeko premiazko erronkatzat jotzen dute egonkortasuna: «Langileria prestatua, formatua, parte-hartzailea, gertukoa, familiak eta ikasleak ezagutzen dituena... lortu nahi badugu, ezinbestekoa da hauen lanpostuak bermatzea».

Lan hitzarmenak 2009-2010 kurtsotik berritu gabe egon direla kexatu ziren. EAEren kasuan orain dela gutxi abiatu dute negoziazioa eta «LAB, Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen eta Eusko Ikastola Batzaren (EIB) artean eginiko akordioen bidez lortu zen 2009an estatu espainoletik eta administrazio autonomikoetatik inposaturiko erreforma laboralaren eraginak arintzea». Nafarroaren kasuan, aldiz, duela bi urtetik negoziatzen ari direla ohartarazi zuten.

Era berean eta zehaztearren, nabarmendu zuten ikastoletako langileek administraziopeko sarean baino baldintza okerragoak dituztela, «lan berdina eta funtzio berdinak bete arren». Hala, 0-3 urteko ziklo eta zerbitzuetako langileak eta hezkuntza laguntza espezialistak egoera are okerragoan daudela azpimarratu zuten. Are gehiago, «hauek dira egun, ikastoletan, lan baldintza kaxkarrenak dituzten kolektiboak».

Gauzak horrela, hurrengo lan hitzarmenetan errealitatea iraultzea izango dute helburu, «beste eskubide eta aurrerapen sozialak eskuratzea ahaztu gabe, soldaten eguneratzea, aurrejubilazioak ahalbidetzea edo lan karga arintzea kasu». Horien alde borrokatzeko, sindikatu abertzaletik Hegoaldeko ikastoletan ekintza sindikala bi norabidetan abiatuko dutela aurreratu zuten atzoko elkarretaratzean LABeko delegatuek irakurritako oharraren bitartez.

Eraginkortasuna

Aldebikotasun horretan, hezkuntza administrazioari zein Euskal Herriko Ikastolen Elkarteari zuzendu ziren LABeko ordezkarien eskakizunak. Esaterako, batetik, Nafarroa zein EAEko administrazioei finantzabide «egokia» eskatzen diete, «ezinbestekoa baita langileen baldintzak hobetzeko».

«Langileen eskubideak babestuko dituen hezkuntza sistema burujabea, nazionala, doakoa, euskalduna, parte-hartzailea, feminista, autogestionatua, inklusiboa, laikoa, aktiboa eta kritikoa eraikitzeko, nahitaezkoa da administrazioek ekonomikoki babesa ematea eta defendatzea», adierazi zuten tinko.

Bestetik, eskubideen aldarriak ikastoletara eta kalera eramango dituztela jakinarazi zuten, ikastolen elkarteari «ozenki» helarazteko egonkortasunaren bidean urrats eraginkorrak egin behar dituela.