2018/02/02

Ez du hil nahi

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (Ehaze) alarma gorria piztu du. Eta egoera kafkiarra da erabat. Euskarazko antzerkigintza eztanda baten lekuko izaten ari da sormenari eta publikoaren berreskurapenari dagokionez, baina ekoizpenari aterkia eskaintzen dion elkartearen etorkizuna zalantzan da. Babes ekonomikorik ezak bete-betean jo du.

Ariane KAMIO|DONOSTIA
0202_kul_ehaze

“Argazki hau euskaraz mintzo da”; hori da Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen (Ehaze) azken alegatua, bere etorkizuna non kokatuko den erabaki aurretik, joan den abenduan publikatutako txostena. Txanpon beraren aurpegi bi erakusten dituen analisia da. Batetik, euskarazko antzerkigintzak bizi duen osasun onaren erakusle argia da. Ez ekoizpen kopuruak azken urteetan gora egin duelako soilik, egiteko manerak ere aldatu egin direlako euskal sorkuntzan. Autonomia handiagoz, identitate propioz eraikitako proiektuak aurkezten dira Euskal Herriko agertokietan. Bada energia ikusezin bat, sortzaileen artean ez ezik, ikusleengan ere eragina izan duena. Euskarazko antzerkigintzak, bere aniztasunean, publikoa berreskuratzeko saioan pausoak ematea lortu du azken urteetan. Horrela defendatzen du txostenak bere lehenengo orrialdetik: «Esango genuke Euskal Herriko antzerkigintza sendo kokatu dela azken urteetan kulturgintzaren testuinguruan: euskarazko antzerkigintzak nolabaiteko eztanda bizi du azken hamabost urteetan, igo egin da obren kantitatea eta kalitatea, igo egin da publikoaren interesa. Eta garrantzitsuena dena, euskal sortzaileek egindako eskaintzek gero eta gehiago egin dute bat orain eta hemen euskal jendarteak izan ditzakeen kezka politiko, sozial eta estetikoekin».

Argazkiaren alderik positiboena dela esan daiteke, txostenak bere baitan bestelakoa den errealitate bat islatzen baitu. Ehazek 2010eko ekainean abiatu zuen bere ibilbidea, gorantz zihoan euskarazko antzerkigintzari aterki bat eskaintzeko helburuz. Eta ez zen izango soilik kontsolidatzea lortu duten konpainientzako atari bat. Ikuspegi soziala defendatu izan du sorreratik, eta beharrizan artistikoei ez ezik, programazioarekin eta bitartekaritzarekin zerikusia duten erpinei erantzun izan die. Kultur eragile baten izaeraz egin ditu ia zortzi urte. Baina Ehazeren etorkizuna ez dago ziurtatuta. Arrazoi nagusia, erakunde publikoetatik jasotako babes ekonomikorik eza.

Larrialdi taldea

Iragandako ekainetik ona larrialdi taldea jarri du martxan Ehazeko zuzendaritzak, elkartearen etorkizunari buruz hausnartu eta hartu beharreko erabakiak bideratzeko sortua. Oier Guillan, Eneritz Artetxe eta Idoia Gereñuk osatzen dute alarma gorriaren triangelua. Eta, hain zuzen, txosten hori kaleratzeko bulkada krisi egoera horretatik sortu da. «Krisi egoera bat sortu da, oso kontraesankorra dena. Batetik ikusten dugu Ehazek urte hauetan egin duen lanak fruituak eman dituela eta erreferentziala bilakatu dela. Etengabe eragile askok jotzen dute Ehazera interlokuzio eske, begirada berri eske, errealitatea ulertzeko klabe eske. Horrek konfirmatzen digu proiektu estrategiko bat dela euskal antzerkigintzari dagokionez. Baina, era berean, ikaragarrizko zailtasunak ditugu egoera normalizatzeko, funtzionamendu basiko bat bermatu ahal izateko eta horrek desgaste handia ekarri du eta krisi egoerara eraman gaitu», aipatu du Oier Guillanek egoeraren erretratu labur bat eginez.

«Desagertuko bagara, desager gaitezen argazki hau eginez». Filosofia horrekin prestatu zuen elkarteak joan den abenduan liburu forman kaleratu zen txostena.

Erakunde publikoetatik jasotako babes ekonomikorik ezak eragin du, hein handi batean, barne krisi hori. «Eta guk oso gauza gutxi behar dugu proiektuak bizirauteko». Aldundiekin harremanak eduki izana onartu dute, baita diru-laguntzarik jaso izana ere. «Nolabaiteko diru-laguntzak jasotzen ditugu, txikiak. Baina Jaurlaritzak ez digu inoiz laguntzarik eman». «Elkarlanerako prest gaude –jarraitu du Guillanek– eta proiektua estrategikoa baldin bada, horren mailan erantzutea nahi genuke. Laguntzak ematea proiektu hori existitu dadin eta gero gerokoak. Asko kostatzen ari zaigu erakunde publikoen babesa jasotzea».

Militantziaren epemuga

Ehazek orain artean biziraun badu izan da, hirukoaren hitzetan, antzerkigintzara lotutako lagunen militantziari esker. «Ehazeren sortzaileak beraiek egon dira karrotik tiraka, jende asko pasa da, eta uste dut esker ona adierazi behar zaiela. Baina jende asko erre egin da. Mugimendu sozial askotan gertatzen den bezala, beti epemuga bat du ahalegin pertsonalak. Eta hori motxila pilatzen doa. Karga hori sumatzen da eta galtzen da energia hori, ez duzunean lortzen proiektu bat minimoki egituratzea. Gure aspirazioa zen koordinatzaile bat izatea, egun erdiz bulegoan telefonoa hartzen».

Eta elkarteak izan du boladaka langileren bat kulturgintzatik iristen den eskari amaigabeari erantzuten. «Ehazek kulturgintzatik zeukan eskaria gehiegizkoa zen eta beti egon da jende militantea laguntzen, baina momentu batean ezin izan genion eutsi langilearen figurari ere».

Dokumentazio Zentroa

Iazko ekainera atzera eginda antzematen da larrialdi taldearen sorrera: langileari eusteko ahalmenik eza, Dokumentazio Zentroa sortzeko proiektuaren aurkezpena... Azken horrek geldialdia merezi du, giltzarria bailitzateke Ehazeren biziraupenean. Mintzola Ahozko Lantegiarekin batera diseinatutako egitasmoa da, parte hartze prozesu baten ondotik egituratua, Dantzerti eta Nafarroako Antzerki Eskolarekin batera egina. Helburuen artean bi habe nagusi zehazten zituen ekainaren 16 hartan aurkeztutako dokumentuak. Alde batetik, egungo euskarazko antzerki sorkuntzaren behatoki dinamikoa izatea; eta bestetik, garai eta lurralde guztietan euskaraz sortutako antzerkiaren memoria berreskuratu eta ezagutaraztea. Dokumentazioa izango luke oinarri nagusienetakoa zentro horrek, baina ez bakarra: sustapena, ikerkuntza eta transmisioa ere barne hartuko lituzke. Interneten kokapen propioa izateaz gain, kokapen fisiko bat ere aipatzen zen agiri hartan. Zehaztapenik ematen ez bazuen ere, «Euskal Herri osoko pertsonak gerturatu ahal izateko eta beraien arteko bilerak/elkarlanak egin ahal izateko erdigune geografikotik hurbil izatea» komeni zela aipatzen zen. «Dokumentazio Zentro baten beharra ez da soilik artxibategi bat egitea, hori ere oso inportantea da, baina egoerak ulertzeko eta kudeatzeko klabeak emango lituzke zentro horrek, hau da, kultur eragile bat izango litzateke», gehitu du Guillanek. Eta Artetxek jarraitu dio: «Dokumentazio Zentro horrek antzerkigintzako sektore guztiak bilduko lituzke, bestela ezinezkoa da».

Sei hilabete baino gehiago igaro dira egitasmoaren aurkezpena egin zenetik, baina ez da aurrerapen agerikorik izan gaiaren inguruan. Eta ez dute erakunde publikoen erantzunik jaso. «Gure harridurarako ez Mintzolarekin ez Ehazerekin ez dute inolako kontakturik izan. Baina jakin dugu egon direla mugimenduak Jaurlaritzaren aldetik, gaiarekin lotutakoak, ibili direla txosten bat egiten edo informatzen. Gure kezka adierazi nahi dugu, hasieratik esan baikenuen ezin genuela bakarrik egin, erakunde publikoekin elkarlanean egiteko plazaratu genuela egitasmoa».

Aro berria

“Argazki hau euskaraz mintzo da” txostenak, Ehazeren krisi egoera adierazteaz gain, euskal antzerkigintzak bizi duen loraldiaren lekukotza uzten du. Eta iaz izandako estreinaldien zerrenda da horren erakusgarri. «Zerrenda bera egitea gauza erraza dirudi, baina ez da egiten. Beraz, ari gara hizketan jakin gabe benetan argazki erreala zein den. Zerrenda horrek zer dagoen erakusten du eta hortik aurrera hausnarketa egiteko bidea zabaltzen», azpimarratu du Idoia Gereñuk.

Euskal antzerkigintzaren aniztasunera jo du Guillanek. «Argazki honek bere kabuz hitz egiten du. Hartzen duzu estreinaldien zerrenda eta ematen du informazio bat datuez harago doana. Ematen du benetan momentuko euskal teatroaren potentzialaren argazki bat. Hori ikusten delako, ez bakarrik kantitatea, baizik kalitatea».

Lan moldeak ere aldatu dira euskal antzerkigileen artean. Aurreko urteetan itzulpenak eta moldaketak ohikoagoak baziren, gaur egun sortzaileek beren lan propioak gauzatzen dituzte gehiago. «Beste modu batean sortzeak, sortze prozesuak euskaraz izateak eta euskaraz estreinatzeak ekarri du kalitatea beste bat izatea, eta horrek publikoarengan duen inpaktua handiagoa izatea eta interes handiagoa sortzea».

Aldarrikapena eginda, Ehazek bere etorkizunari buruzko erabakiak hartu beharko ditu gutxi barru. Datozen asteetan egingo da hurrengo batzarra eta bertan erabaki beharko dute euskal antzerkizaleek orain arte zabalik izan duten aterkiak zer egin. «Hausnarketa hau egin dugu adierazteko zeri eutsi ahal dion Ehazek, zenbat puntu dauden lan egiteko, gertatzen dena da ez daukagula baliabiderik hori guztia egiteko», amaitu du Gereñuk.

LARRIALDI EPEA


Oier Guillan: «Sei hilabeteko iraupena duen urgentziazko koordinazio taldean gaude gu. Asanbladara arte egongo gara eta han erabakiko da zer egin. Hor utziko dugu kargua. Gure larrialdi epeko amaierara iristen ari gara».

KONTRAESANKORRA


Ehazek egoera kontraesankorra dela nabarmendu du. Batetik, euskarazko antzerkigintzak eztanda bat bizi du sorkuntzaren eta publikoaren berreskurapenaren aldetik. Baina elkartea bera krisian dago, babes ekonomikorik gabe. Guillan, Artetxe eta Gereñuren esanetan, kulturgintzatik inoiz baino eskakizun gehiago iristen dira Ehazera, baina ez dute nahikoa baliabide guztiei erantzuteko.

BALIABIDEAK


Idoia Gereñu: «Hausnarketa hau egin dugu adierazteko zeri eutsi ahal dion Ehazek, zenbat puntu dauden lan egiteko; gertatzen dena da ez daukagula baliabiderik hori guztia egiteko».

ZENTROA


Eneritz Artetxe: «Dokumentazio Zentroak antzerkigintzako sektore guztiak bilduko lituzke, bestela ezinezkoa da».