Bingen Zupiria
Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua
GAURKOA

Ez dok hamairu, Goya!

Gauzak normal joango balira “Handia” pelikularen egileek Goya sariren bat irabazita etorri beharko lukete gaur bueltan etxera. Ez dute horretarako merezimendurik falta, baina, auskalo! Espainiako zinearen mundua, bere txikian, hizkuntza nagusi bati lotutako merkatu bat ere bada, eta ez da erraza izango beste interes politiko eta komertzial batzuk nagusi diren ingurune horretan “Handia”-ren moduko lan berezi batek arrakasta eta onespen izugarriak lortzea. Baletoz, hobe! baina, bestela ere, pozik egoteko moduan dira film honen sortzaile, ekoizle, zuzendari, aktore eta enparauak, pentsatzea ere zaila zen arrakasta lortua baitute honezkero. Eta oraindik handiagoa ere eskuratuko dute. Ziur! Dena dela, gure herritarren babesa eta onespena jasoa dute dagoeneko. Eta hori zerbait bada.

Gaur gauean Goya Sarietara joateko asmoa dut, “Handia” film handiari babesa ematera. Agian, norbaiti gaizki irudituko zaio erakundeetan ardura politikoa dugunok sortzaileen ondoan agertzea. Ez nator bat. Uste dut euskal erakundeok bete behar dugun funtzioetako bat zinemagintzaren prozesua diruz laguntzea dela, jakina. 2018an sei milioi euro inbertituko ditugu, guztira, zinearen inguruko programetan, EITBren ekarpenak kontuan hartu gabe. Baina gure beste erantzukizun nagusia, dudarik gabe, sortzaileen ondoan egotea da, haiei laguntzeko eta, posible den neurrian, haien bidea errazteko. Eta ez dago motiborik gure asmoa ezkutatzeko. Haien ondoan egon nahi dugu eta ondoan gauzkatela ageriko egin nahi dugu. Onean eta txarrean.

Goya Sarietara joan nahi dut “Handia” filmak agerian utzi duen talentua eta sormena txalotzeko, zuzendaritza-lanetan, gidoian, musikan, antzezpenean, produkzioan, zuzendaritza artistikoan, makillajean, soinuan edo efektuetan. Txalo jo nahi diot ere “Nur eta herensugearen tenplua” filmari, animaziozko pelikulen artean nabarmendu delako, eta gorazarre egin nahi diot, bide batez, Juanba Berasategi zenaren ibilbideari. Txalo, Pablo Berger zuzendariari (“Abracadabra”), edo Alberto Iglesiasen eta Pascal Gaigneren musikari. Nahi nuke horrela adierazi gure zinemagintzak herri honen babesa duela, gure gizarteak zinemagintzaren aldeko apustua egitea erabakia duela eta inbertsio hori beharrezkoa dela, egokia eta onuragarria delako. Beharrezkoa da sortzaileekiko miresmena eta euskal sorkuntzarekiko lankidetasuna ageriko egitea. Txalo egitera goaz, beraz. Eta euskal gizarteak euskal zinema laguntzeko asmoari eutsi egingo diola adieraztera.

Europako herri guztietan egiten da zinemagintzaren aldeko apustua laguntza publikoez. Eta, oro har, kulturaren eta sorkuntzaren aldekoa. Euskadin ere bai, eta oso garbi, gainera. Egin litekeela gehiago? Egin litekeela hobeto? Bai, seguru. Beti dago zer hobetu. Egin dezagun, baina orain arte egindakoa gutxietsi gabe.

Gaur bizi dugun egoera ez da berez sortu. Lan handia dago atzean. Pertsona, profesional, elkarte eta erakunde askoren lana eta apustua dago azkenaldi honetan nabari den loraldiaren atzean. Euskal zinearen sistema txiki bat sortu da. 80ko hamarkadako lehen sortzaileen eta haien ondorengoen lekukoa hartu duen belaunaldi berri bat ageri da orain gurdiari tiraka. Ekoizpen enpresek gorpuztura hartu dute eta elkarlana nabari da talde eta sortzaileen artean (Arregi eta Garaño, “Handia”-n; Garaño eta Goenaga, “Loreak”-en). Ez zirudien gauza erraza, bakoitza bere bidetik ibiltzera ohituta dagoen gure herri banderizo honetan, enpresa eta kasta ezberdinetako pertsona eta lantaldeak elkarlanean ikustea (“Handia”-n, Irusoinekin batera, Kowalski eta Moriarti produkzio etxeak). Agian, belaunaldi berri batek ekarri duen ohitura berria da, eta emaitzei begiratuz gero, datozen urteetan nola jokatu beharko genukeen erakusten digu. Eta sistema txiki hau babesten duten tresnak sortu ditugu. Hor ditugu Eusko Jaurlaritzaren laguntzak, bai produkzioari begira planteatutakoak, edo gidoi idazketa eta proiektuen garapenera bideratutakoak. Hor dago EITBren konpromisoa euskal produkzioen oinarrizko finantziazioa, emisioa eta sustapena osatzeko nahitaezkoa. Hor da Zinemaldia, gure produktuen eta industriaren eragile modura. Eta hor daude Kimuak programa, Etxepare, Zineuskadi, Filmategia, zinema aretoen EZAE sarea, eta abar, sistema txiki horren egituraren osagai bezala.

Eta jakina, daukaguntxo hori ez da berez sortu. Ez da gobernu baten obra. Pertsona eta erakunde askoren bultzada jarraitua behar izan da honaino iristeko. Eta badago zer eginik oraindik.

Etengabeko konpromisoa behar da laguntzak nola hobetu daitezkeen sortzaileekin eztabaidatzeko. Etengabeko jarduna beharko da Euskadin dauzkagun baliabide guztien antolaketa eta eragina norabide berean jartzeko. Madrilen ere jardun beharko da, ez diezaioten euskarazko zinemagintzari bizkarra eman; baita Europan ere, hizkuntza aniztasuna, kultura aniztasuna eta zinemagintza aniztasuna elkarrekin doazela onar eta uler dezaten.

Posible izan beharko luke daukagun talentua zaindu eta babesteak. Gaur posible da euskara, gaztelania bezala, normaltasunez, hainbat produkzio motatan natural entzutea. Posible dirudi hemen lanean hasi ziren profesionalak hemengoarekiko lotura eten gabe han eta hemen lanean aritzeak. Eta posible ikusten da bertan egiten diren ekoizpenekin gehi kanpotik ekar litezkeen errodajeekin urte osoko lana eta jarduna izango lukeen ikus-entzunezko industria-sare txiki bat sortzea. Zine produkzioaren lagungarri izango den euskal zine bulego edo Euskal Film Comission moduko baten langintza antolatzea ere lagungarri izango litzateke.

2017ko uzta ona izan da eta seguruenik 2018koa ez da eskasagoa izango. Proiektu berrietan lanean ari diren sortzaileek proposamen interesgarriak dituzte esku artean, eta horien aztarnak ikusiko ditugu datozen hilabeteetan zine-aretoetako estreinaldietan, Berlinalen, Cannesen edo Donostiako zinemaldian.

Eta horrekin guztiarekin batera, agerikotasuna. Horixe da daukagun erronkarik handiena. Euskaldunengan geure kulturarekiko harrotasuna sustatu behar dugu. Euskal zinearekiko ez ezik, euskal kulturarekiko hurbiltasuna, ezagutza, erakargarritasuna eta jakin-mina areagotu behar ditugu. Euskadin kulturak duen garrantzia, bikaintasuna eta aberastasuna aldarrikatu eta defendatu behar dugu. Badugu zer egina. Elkarrekin. Eta nola etxean hala kanpoan, proiekziorako aukerak ditugunean, azal gaitezen elkarrekin guztiona den erronka horri aurre egiteko.

Zenbat eroriko dira, Goya? Zail izango da hamahiru ekartzea. Baina asko da lortu dena, eta on da denon artean egindakoari daukan garrantzia ematea, eta meritua dutenei –sortzaileei– meritu hori aitortzea.