Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Egia, bidean bide

Santa Ageda bezpera dugu, elur arteko eguna… Kank-kank! Kanpoan egun batzuk emanda egunotako prentsari begira nago etxean, asteak han-hemen emanaz jabetzeko; egia-osteko garai zabal honetan egiaz jabetzeko modurik balego sikiera! Existitzen al da egia? Gezurra dirudi baina! Egia da, egia da, nik ikusi dudalako, egia da… kantatzen genuen ustez egia zegoeneko garai hartako jaialdietan, baina gaur-gaurkoz ikustea ez da nahiko, bizi egin behar da egia, nork berea. Eta konfrontatu. Amen.

Tira, teklatu aurrean paratu naiz buruan denari bide librea emateko, Santa Agedaren doinuaz bidea eman ere. Zorroztarrira gaur Murgoitio eta biok berriz gatoz, aterik ate organikoa poltsatan batzeko asmoz… Kank-kank! Prentsa eskuan, paperak aurrera paperak atzera ilustratu nahian hamaika berriri eman diet begirada, iturria teletipoetan dutenetatik egia izan daitekeena bereizi nahian, garai bateko baserritarrak artoak jorratu bezala; berri-jorran edo.

Ezpatak zorrozteko lanetan, Aramis, Porthos ta Athos… Kank-kank! Autogobernuko lantaldea gogoan; lantaldean talde lanik ote? Ez dirudi egia denik, baten batzuk “Make Spain Great Again” ari baitira, periferiak zentroratzen, sarrailaren giltza transgenikoa eskuan mehatxuka, mendekos! Kank-kank!

Handia litzateke lantaldean erabakitzeko prest daudenak horretarako zelaia eta bidea zehaztea, kank-kank!; Handia gero! Hemen bertan behintzat, sari andana jasoko lituzke. Lortuko ote duten, auskalo! Izan ere, Auskaloko Herria baita gurea! Kataluniakoa den modukoa. Zer etorkizun tristea auskalokoa ez den herriarena, auskalokotasunean baitatza gaurko sistema politikoen keria indargabetzen hasteko egiazko giltza. Unean une, bidean bide! Egia egi!

Gauzak aldatzen segi dezagun, horretan ni ere ados; horretarako kendu dezagun, munduko mapatik Davos… Kank- kank!