Maider IANTZI
I

GROSEKO AUZOTARRAK, «BELLE ÉPOQUE»-KO AMODIO JOLASETAN

LOIOLAKO ERRIBERA, GROS ETA PARTE ZAHARRA 1900 INGURUAN JANTZIRIK DOTOREENAK SOINEAN PASEATZEN ZIREN INUDEEN ETA MENDITIK JAISTEN ZIREN ARTZAINEN ARTEKO AMODIO JOLASEN TESTIGU IZAN ZIREN ATZO. MUSIKAZ ETA DANTZAZ ALAITUTAKO IGANDE GOIZA IZAN ZEN, AUZOEK DONOSTIARI EGITEN DIOTEN EKARPENAREN FROGA BIZI ETA EDERRA.

Groseko Inude eta Artzainen Konpartsari egin diogu jarraipena, 11.15ean Txofren hasita. 200 lagun dira guztira: 66 dantzari, danborrada, Irulitxa txaranga, inude eta artzainez jantzitako kankailu parea (aurtengo berrikuntzetako bat) eta belle époque garaiko hainbat pertsonaia, alkatea eta haren emaztea buru. Apezpikua intsentsua zabaltzen dabil, moja eta meza-laguntzailea inguruan dituela; ez dira urrun alargun kuadrilla, goitik behera beltzez; medikua eta erizainak ohatila eta guzti; aguazila, sukaldaria, sardinerak, inude pila bat umeak zaintzen, biberoi, haur kotxe eta txupete besta batean; txirrindulari bat maillotarekin, gazte bat garaiko bizikleta tipiko batean paseatzen, atzeko gurpila handi-handia duen horietako batean...

Ederra da haur, gazte eta helduak, neska eta mutilak, elkarrekin gozatzen ikustea. Badira lau belaunaldiek jaian parte hartzen duten familiak. Musika eta dantza animatuak dituzte giro hotzaren kontrako antidoto. Txikienak gibeleko aldean doaz eta ongi eusten diote erritmoari, tarteka arreta galdu eta pixka bat atzeratzen badira ere.

Senide, lagun eta auzotarrek gustura segitzen dituzte. Pijaman ere ikusi ditugu batzuk leihotik begira. Konpartsakideek oihuz agurtzen dituzte lagunak, eta alderantziz. Ostatuetan geldialdiak egiten dituzte gasolina hartzeko, eta kalez kale hainbat dantza eta kanta eskaintzen dituzte, panpinak eta makilak ongi goian dituztela.

Juan Antonio Antero

Katalunia plazara iristerako eguerdia da. Jende ugari bildu da borobilean bertan eginen duten parodia ikusteko, baita omenaldia ere. Haur pila bat dago familiekin saltoka, nagusiagoak dantzan ikusten. Goxokiak banatzen dizkiete. Juan Antonio Antero da aurtengo Aitona oroigarria jaso duena. Urtero ematen du Groseko konpartsak sari hori, lehenbiziko presidentea, 80 urte baino gehiagorekin inudez jantzita ateratzen zen aitona oroitzeko.

Antero auzoko kaldereroen sortzailea da. Zuzendari ibili da 25 urtez berriki lekukoa pasatu arte. «Ilusio handiz jaso dut aitortza, batez ere bertako, auzoko elkarteek indarra dutelako eta apustu handia egiten dutelako antzinako euskal inauteriak berriz lantzeko eta identitateari eusteko», adierazi dio GARAri inude eta artzain txiki banak osatutako oroigarria hartu berri.

«Bakoitzak bere dinamika du eta hori inportantea da, puntu bakar batean kontzentratu gabe», erantsi du auzoetako elkarteekin segituz. Orain dela urte batzuk hasitako grinak jarraipena duela ikusteak pozten du.

Parte Zaharrekoa da jaiotzez Antero eta Grosen bizi da. Antzinako historia eta musika bilatzen eta errekuperatzen ibiltzen dela kontatu digu. «Orain Danborradan jotzen diren abesti berri batzuk hemen berreskuratu genituen, Grosen. Auzoek badute aukera hiriari aportatzeko».

Bezperan, kaldereroetan, Jose Mari Oiartzabal omendu zutela azaldu digu. «Berak egin ditu Donostiako inauterietako konponketak. Berak moldatu eta jotzen ditu abestiak». Aurten 1900eko danborradako abesti bat jo dute, “Mariscos en el mar”, Raimundo Sarriegirena.

Anterok agertu digunez, 1865ean konpositore honek lehen kalejira idatzi zuen eta 1885ean atera zen lehenbiziko Inude eta Artzainen Konpartsa. Garai hartan Donostia Egunean hasten zen inauteria eta honen barreneko konpartsetako bat zen inude eta artzainena. Inudeek Donostiako aberatsen umeak zaintzen zituzten. Jeneralean baserritarrak izaten ziren eta dotore paseatzen ziren Alderdi Ederren barna igandeetan. Artzainak menditik jaisten ziren egun horretan eta euren arteko amodio istorioak irudikatzen ditu dantzak.

1885eko lehen desfile hartan gizonak atera ziren inudez jantzita, parodia gisa. Oraindik ohitura horri eusten zaio Beran (heldu den igandean izanen da desfilea). Gerran galdu egin zen dantza eta 1950etik aitzinera berreskuratu zen. Groseko konpartsa 2002an sortu zen, borroka handia eginda. «Kolaboratzaileei esker egin dugu aurrera eta iaztik Donostiako Udalak ere laguntzen digu. Lokal bat lortzea dugu erronka», adierazi digu Junkal Konde bertako kideak.

Honi buruzko guztia: I