Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Ruben Vitoria zarauztarrak munduko QS txapelketa irabazi du Tenerifen

Las Americas Pro Tenerife lehiaketa irabazi eta laugarren postuan da Ruben Vitoria munduko QS rankingean. Mikaela Greene izan da txapelduna nesketan.

Ruben Vitoria surflari zarauztarrak irabazi zuen pasa den otsailaren 2an amaitu zen Las Americas Pro Tenerife txapelketa. QS zirkuituko seigarren txapelketa izan zen eta apirilean Zarautzen egiten den munduko surf txapelketaren parekoa da, izan ere, bi lehiaketak 1.500 puntukoak dira.

Mutilen kasuan, guztira QS mailako 75 txapelketa izango dira aurtengoan eta Tenerifekoa orain artean egin den maila horretako seigarren txapelketa izan da. Nesken kategorian, ostera, 57 lehiaketa egingo dituzte aurten eta Tenerifekoa orain arteko laugarrena izan zen. Beraz, urtea hasi baino ez da egin. Hori bai, zarauztarrak hasiera ezin hobea eman dio.

Ruben Vitoria txapeldun

Finalera iritsi ahal izateko, finalerdietan Julen Egiguren oiartzuarra kaleratu behar izan zuen zarauztarrak, eta, behin azken txandara iritsita, arerio oso zaila izan zuen parean: Jorgann Couzinet Landetako surflari ezaguna.

Couzinetek ikusleen arreta bereganatu zuen pasa den apirilean Zarautzen izan zen QS txapelketan, azkenean bigarren postuan geratu bazen ere, txapelketan zehar ikuskizun gehien eskaini zuen lehiakideetako bat izan baitzen. Txapela eramateko zorian egon zen.

Gauzak horrela, ezker-eskuin lehertzen ziren metro bateko olatu narrasetan, Vitoriak ez zuen lan erraza surflari frantsesa garaitzeko. Baina eskura zituen aukera guztiak bikain kudeatu eta mundu mailako txapelketa irabazteko gai izan zen zarauztar gaztea.

Eskuin olaturen bat hartu bazuten ere, batez ere ezker olatuen aldeko apustua egin zuten bi lehiakideek, eta biak aritu ziren bizkarka surf egiten. Olatu gehienak oso antzekoak zirenez, argi zegoen gehien nabarmentzen zenarentzat izango zela txapela, eta horrela izan zen.

Vitoriak etekina atera zien bizkarka egiten dituen itzelezko bira indartsuei, eta iaz Australiara egindako bidaian ikasitakoak ez direla alferrik izan erakutsi zuen. Bere bi olatu onenak sekulakoak izan ziren, batean hamarreko borobila jaso zuen, eta, bestean, 9,10 puntu. Couzinetek ere olatu onak egin zituen, 8,67 eta 8,83 puntukoak, baina ordurako zarauztarra garaiezina zen. Vitoria QS rankingean laugarren postuan da, eta, Couzinet, bigarrenean. Urtea hasi besterik ez da egin, baina denboraldiaren amaieran rankingeko lehen postuetan jarraitzen badute 2019an lehen mailan lehiatu ahal izango dute.

Nesken txapela Australiara

Mikaela Greene australiarrak irabazi zuen nesken kategorian. Bigarren postua, berriz, Pauline Ado hendaiarrarentzat izan zen. Tenerifen lortutako emaitza horiei esker, 6. eta 8. postuan dira egun bi lehiakide horiek WQS rankingean.

Azken urteetan WCT zirkuituan egon ostean, iaz ez zuen lehen mailan lehiatzen jarraitzeko behar adina puntu eskuratu Pauline Adok, baina ordezko gisa lehiatzeko aukera izan dezake. Pauline Adoren ostean, emaitza onena lortu zuen euskal herritarra Leticia Canales izan zen. Bizkaitarrak final laurdenetara iristea lortu zuen.

Honi buruzko guztia: Surf