Herdoiltze emozionala
Munduarekiko bestelako ikuskera dutelako gizarteak «arraroen» zakura jaurti dituen pertsonen gaineko antzezlana da «Oxido. Umore garratza». Pez Limbo-k euskaraz estreinatzen duten lehen obra honetako protagonistek barne hutsuneak, gizartearen onarpena jasotzeko beharra eta integrazioaren zailtasunak izango dituzte hizpide. Talde gasteiztarraren zigilu diren umore azidoa eta hurbileko eszenaratzea ez dira faltako. Estreinaldia gaur, Gasteizen.

«Bizi garen gizartearentzat arraroak diren pertsonez hitz egiten du obrak, herdoilak jota daudela ikusarazten dien gizarte batean bizi diren pertsonez, bizitzari bestelako ikuskera batekin aurre egiten diotenez», laburbildu du “Oxido. Umore garratza” ikuskizunaren muina Pez Limbo-ko Eduardo Hernandok.
Bere hitzetan, bizi gaituen gizarte honetan pertsona askok sentitzen duen barne hutsunea izango dute hizpide antzezlaneko protagonistek, baina baita besteen onarpena jasotzeko sentitzen dugun beharraz ere, «egoki jotzen dugun gisan jardun eta gizarteak hori gaizki dagoela esaten digunean gertatzen den horretaz», nabarmendu du.
Gai potoloak izanagatik ere, Pez Limbo-k ohikoa duen umore azidoa ez da faltako antzezlanean. «Egoera sinesgaitz, zentzugabe eta barregarriak eraiki ditugu eta, barre egin eta gero, zure buruari galdetzen diozu ea zergatik egin ote duzun hori; egoeraren ezerosotasunak eramaten zaitu barrera. Ez dira berez grazia egiten duten kontuak, baina guk aurkezten ditugun eran grazia egiten dute, edo hori da asmoa», azaldu du.
Aretoan, talde gasteiztarrak ohi duen gisara, oholtzak ez du aparteko protagonismorik izango. Ez du, behintzat, akzioa bereganatuko. Ikusleriarengandik gertu antzeztu eta horiek ere eszenaren parte bilakatzea maite duen konpainia da Pez Limbo eta, “Oxido”-n ere, hala izango da: «Publikoa istorioan integra dadila nahi izaten dugu eta, kasu honetan, hiru piezak osatzen dute antzezlana; publikoa pieza horietako bakoitzetik pasako da, han gertatzen denaren testigu izateko», zehaztu du Hernandok. Berarekin batera, Ainhoa Alberdi, Raul Caminos, Begoña Martin eta Aitor Perez izango dira antzezpen taldean ariko direnak eta boskote hori izan da, hasieratik bukaeraraino, obra osatzearen ardura izan duena.
Gertutik
Pez Limbo-k antzerkia ulertzeko duen era integratzaile horrek interpretazioa akatsik gabea izan dadin eskatzen du, ikusleak keinu bakoitza gertutik ikusi eta interpretatuko baitu. «Obraren gainean dago ikuslea eta interpretazioak bikaina izan behar du, zuzena; gu segituan ohartzen gara ea ikusleak obrari lotu diren edo ez», esan du. Eurentzat hori erronka dela aitortu du, «baina presioa baino gehiago ilusioz bizi dugu, ikusle bakoitzari begietara begiratzeko aukera ematen digulako, eta hori oparia da guretzat». Publikoa eserlekuetatik altxarazi eta aretoan barrena bidaia dezala eskatzeak ikuspegi aldaketa eskatzen dio ikusleari, baina Hernandok uste du inor ez dela ezeroso sentituko: eserlekuaren erosotasunik ez dago, baina trukean bestelako esperientzia bat bizitzeko aukera izango du.
Eszenara begira, hiru txokotan banatuko dute aretoa, baina Hernandok azaldu du ez dela «sekulako muntaiarik» egongo, kontakizunak duen «hauskortasun hori» islatu nahi izan dutelako alde batetik eta, bestetik, ikusleak protagonisten larruan sartzea delako asmoa: «Gure gainean egon daitezen nahi dugu, oso gertu, begira dagoena eta antzezten ari dena bera izango balira bezala. Tribu berekoak garela konturatzea. Hori da antzezte era honek duen bertute askotariko bat», baieztatu du.
Antzezlana bera ere izpiritu berarekin sortu dute, bost kideen artean. Brainstorming metodoa erabilia hilabetez antzezlanaren ideia zirriborratu, inprobisazioaren bidez testua ondu eta Luhusoko Ameka aretoan egin zuten egonaldian osatutako lana da. Gasteizko Gobernuaren eta Principal Antzokiaren laguntza ere izan dute obra osatzeko.
Gaur, euskaraz estreinatuko dute obra Principalen eta bihar gaztelaniaz. «Konpainiarentzat oso garrantzitsua da obra hau, euskaraz estreinatzen dugun lehen lana delako eta aurrerapauso gisa bizi dugu», ziurtatu du Hernandok. Otsailaren 17an Zumaian eta martxoan Arrigorriaga, Donostia eta Elgoibarren ere izango da “Oxido. Umore garratza” ikusteko aukera.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
