2018/02/09

Kronika
Gure Esku Dago
ERABAKIAK NOR EGITEN GAITUELAKO, KULTURAK BEZALA

ZERGATIK ERABAKI?» GALDERA PLAZARATU, ETA ARRAZOIAK BILTZEN DABIL GURE ESKU DAGO. KULTUR ARLOKOAK JASO DITU ORAINGOAN, LOREA AGIRRE, MIKEL IRIZAR ETA JOSU ETXABURU HIZLARIEKIN ETA IñAKI GOIRIZELAIAREN EKARPENAREKIN. ERABAKITZEAK HERRITAR OSO EGITEN GAITUELA ETA BIZIKIDETZA HOBETZEN DUELA DEFENDATU DUTE.

Maider IANTZI
0209_eh_kultura

Lorea Agirre: «Euskara jakiteko eskubidea dugu, baina espainola jakiteko obligazioa. Minusetik abiatzen gara»

Gure Esku Dago isilik egon da azkenaldian, baina ez geldirik. Herritarron Ituna idazteko erronkari heldu dio, guztion artean osatu eta ekainaren 10eko giza katean aurkezteko xedearekin. Horretarako, zenbait mahai-inguru antolatu ditu. Asteazken iluntzean izan zen bigarrena, kulturari buruzkoa, Donostiako Eureka! zientzia museoan. Arlo honekin lotutako lagun ugari elkartu zen Josu Etxaburu, Mikel Irizar eta Lorea Agirre aditzera eta beren artean solastatzera. «Zergatik erabaki?» galderaren segida potoloa da ordu eta erdian sartzeko, baina gako batzuk eman zituzten, Idurre Eskisabel kazetariak gidatuta.

Lorea Agirre “Jakin”-eko zuzendariak pasarte bat kontatu zuen: «‘Zuk zer hartzen duzu ondo egoteko?’, galdetzen dio gaixo batek besteari. ‘Erabakiak’, erantzuten dio kideak. Nor egiten gaitu erabakiak, kulturak bezala. Gure bizitzaz erabaki, zer izan nahi dugun, zer ez, noraino gauzatu nahi dugun izan nahi dugun hori… Pertsona, kolektibo, herri egiten gaitu erabakiak», hasi zen ibilbide luzeko kazetaria azaltzen.

Joxe Azurmendiren hitzak ere ekarri zituen: «Euskal nazioa atomizaturik dago; bildu egin behar da. Kulturgintzak esan dezake bakarrik non bildu. Kulturgintza berregintza da».

Euskaldun izatea aukerako gauza bat ez denez, aukeratu behar izan dugula ere agertu zuen. «Euskara, kultura, aukeratu behar dugu goizero. Ez dator; bila joan behar dugu».

«Erabakitzeko eskubidea da demokrazia bat ahalik eta demokratikoena egitea, erabakiak ahalik eta jende gehienak har ditzan, erabakia ahalik eta zabalena izan dadin. Ahalik eta gai gehienetan har dezagun parte, hasi etxetik eta erakunde politiko eta sozialetara». Hemen erabakitzeak kultura eta hizkuntza erdian jartzeko aukera emanen ligukeela nabarmendu zuen.

Hezkuntza erdigunean

Mikel Irizar euskaltzalea, euskalgintza sozial eta instituzionalean ibilia, aitorpen batekin hasi zen: «Erabaki asko hartutakoa naiz eta nahiko konforme nago». Azaldu zuenez, harremanetatik datorkigu erabaki asko hartzea. «Asko erabakitzen duen jendarte batek bizikidetza hobea eduki dezake».

Gure arteko harremanak beti hizkuntza bidez direla ohartarazi zuen. «6.000 hizkuntza inguruk jarraitzen dute bizitzen munduan eta gero eta igurtzi gehiago dute elkarrekin. Errespetuzko bizikidetza bat martxan jar dezagun».

Hirugarren hizlariak, Josu Etxaburu irakasleak, hezkuntza publikotik erantzun zion galderari: «Herritarrok zeresana izan behar dugu hezkuntzan modu zuzenean. Gizartearekin lotuta dagoen hezkuntza bat nahi dut eta, aldi berean, gizartea eraldatuko duena».

Hezkuntza egunero erabakiz josita dagoen bide gisa definitu zuen. Eta erdigunean jarri zuen: «Gaur ikasgeletan egiten dugunak isla zuzena izango du gero edozein aginte mahai eta erakundetan, edozein lekutan. Beraz, ez dezagun gutxietsi».

Iñaki Goirizelaia EHUko errektore nagusi izanak hezkuntza unibertsitarioaren ikuspegitik egin zuen ekarpena. Ezin izan zuen solasaldian egon, baina bere hitzak irakurri zituzten. Hasteko, bi galdera eta bi erantzun: «Zer gustatuko litzaidake Euskal Herria izatea 2030ean? Ezagutzaren euskal komunitate kultua. Gaurkoa ikusita aukerarik badugu horretarako? Ez». Eta baieztapenak segidan: «Ezagutzarik gabe ez dago berrikuntzarik, ez industrian ez gizartean. Edo guk sortzen dugu ezagutza edo dagoen tokitik ekartzen dugu. Horretarako, ondo hezitako pertsonak behar-beharrezkoak dira. Pertsona kultuak hezi behar ditugu. Hala, gure ongizatea bermatuko dugu».

Gure unibertsitatea espainiarraren kopia bat dela eta gure eredua bertan erabaki nahi duela aldarrikatu zuen.