GARA
DONOSTIA

Greba deialdia egin dute Zestoako Bidasoa inprimategian

Enpresa komitearen bultzadarekin eta langileen batzarraren babesarekin, ELA sindikatuak greba deialdia egin zuen atzo Zestoako Bidasoa Inprimategian. Deitu dituzten greba egunak otsailak 8, 9, 15 eta 16 dira, eta 22tik aurrera greba mugagabea bihurtuko da.

Helburuak nagusiki ekonomikoak dira eta grebaren zentzua da martxan den negoziazioan enpresa presionatzea. Urrian beste deialdi bat bertan behera geratu zen, baina orduan eskaerak batez ere funtzionamenduaren alorrekoak ziren.

Beste zenbait produkturen artean, GARA eta “Berria” egunkariak Bidasoako bezeroak dira eta bertan argitaratzen dira. Ondorioz, greba egun hauetan bi egunkariak eta beraiekin banatzen diren beste zenbait ekoizpen beste enpresa batean inprimatuko dira. Arrazoi teknikoak direla medio, bi egunkariok Bidasoatik kanpo argitatzatzea ohikoa da.

GARAko eta “Berria”ko editoreek azaldu dutenez, beren lehendabiziko konpromisoa irakurleekin da, baita informazio eta prentsa askatasunarekin ere. Era berean, langile horien eta Bidasoa enpresaren arteko negoziazioan ez eragitea erabaki dute. Edonola ere, gatazka soziolaborala lehen bait lehen konpontzeko deia luzatu dute.