2018/02/10

Idiazabalen erabakiko da 640ko maila
J.L.

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako finala jokatuko da gaur 640ko mailan, Idiazabalgo pilotalekuan, 17.00etan hasita. Aurretik bi jardunaldiko ligaxka jokatuta daude, eta horko sei onenak arituko dira txapelaren lehian.

Gaztedi, Beti Gazte, Sokarri, Ñapurrak-Lagunak, Ibarra eta Zuraide izango dira jardungo diren taldeak. Lehen fasean Gaztedi izan zen onena, eta badirudi txapela lortzeko ere faboritoa bera izango dela. Beti Gazte izan zen aurreneko fase horretan talde bizkaitarra gehien estutu zuena, eta, adituen ustez, aipaturiko bi talde hauek omen dira txapela lortzeko aukerarik gehien dutenak. Finala, ordea, saio bakar batera izaten da, eta askotan gauzak aldatu ere egiten dira eta ezusteak ere izaten dira azkeneko jardunaldietan.

Hala ere, finalean izango diren talde guztiek dute maila handia, eta gainerako taldeak ere ez dira baztertu behar. Euskal Herriko Txapelketa bere amaierara iristen ari da, gaurkoarekin beste lau jardunaldi bakarrik geratzen baitira. Taldeek ere euren maila hobetu dute, eta beren unerik onenera heltzen ari dira.

Behin gaurko jardunaldia amaitutakoan, beste hiru saio geratuko dira dena amaitzeko. Horrela, otsailaren 17an Ibarran izango dira saioak, otsailaren 24an Laukizen, eta otsailaren 25ean amaituko da Bilbon.