Larragako loretxoa
Salaketa sozialarekin eta memoria historikoarekin konpromiso handia duen abeslaria da Fermin Balentzia, Nafarroako bazter anitzetan maitatua, eta baita handik harago ere. Magia hutsa den bere abesti bati esker ezagutu nuen Maravillas Lambertoren historia, frankistek 14 urterekin atxilotu, bortxatu eta hil ondoan txakurren bazkarako haragi bihurtuta ahanzturara kondenatu nahi zuten neskatila. «Florecica de Larraga, amapola del camino», kantuaren zati hau Maravillas izena entzuten dudan aldi bakoitzean etortzen zait gogora eta doinuaren xirulari hasten naiz nire baitarako; beste zati honek, «La muerte no fue capaz de sepultar tu mañana ni podrá pintar de olvido la acuarela de tu alma», bultzadatxoa izango du orain Joseba Asironek gidatzen duen Iruñeko Udalari esker, Hiri Buruzagian plaza bat eskaini baitiote Larragako loretxoari, bide bazterreko mitxoletari. Askok izango dute orain Maravillasen berri, ohikoan ailegatuko ez zen lekuetara arribatuko baita albistea, batzuek ezaxola jarraituko dute oraino, damutzekorik ez duten horiek guztiek, bihozbera eta minbera izatea zer den ez dakitenek, sentimenduen almazena gorrotoz baino betetzen ez dutenek, baina memoria kolektiboaren orubean beste zutarri ttipi bat ezarri da, zer erranik ez familiarenean, apur batez bederen bizirik den ahizpa Josefinari goza diezaiola zoritxarra. “Payola” diskoan argitaratu zuen Berri Txarrak taldeak “Maravillas” kantua, honela amaitzen dena «Norbaitek oroituko ditu etorkizunean ahanzturaren zingira honetan ito dituztenak abesti berriren batean zuhaitz zaharren azaletan Erriberako izarretan, Nafarroan». Badago bai idazteko kanturik oraino.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
