2018/02/13

Kronika
EMAKUMEAK ENPRESAN
DESBERDINTASUNEZ JOSITAKO LAN MUNDUAN EKINTZAILE IZATEA

EMAKUMEAK EKINTZAILEAK IZATEKO EDOTA ENPRESETAKO GOI KARGUAK BETETZEKO ASKI PRESTATUTA GAUDELA ARGI DAGO. ROLAK ALDATZEN ARI DIRA BAINA ORAINDIK LANAK EZ DAUDE OREKAZ BANATUTA. EMAKUME LANGILEAK LANPOSTU HORI MEREZI DUTELA ERAKUSTEN SAIATZEN DIRA, EUREN GAIN ERORTZEN DIREN ZAINTZA LANAK ALDE BATERA UTZI GABE.

Nagore BELASTEGI
0213_eko_emakumeak

Zergatik ez dute delegatzen? Ez dutelako karga mental hori hartu nahi ala besteek beraiek baloratzea nahi dutelako?

Emakumeek emakumeentzat eskainitako hitzaldia izan zen pasa den ostegunean Donostiako Deustuko Unibertsitatean egindako topaketa. “Emakumea enpresan” izena bazeraman ere, emakumearen papera gizartean zein den ere jorratu zuten entzuleen parte hartzeari esker. Izan ere, emakumearentzat lana eta bizitza pribatua banantzea ez da hain erraza.

Asun Ibañez eta Pilar Rodriguez izan ziren hizlari, lehena enpresagintzako arlotik datorrena eta bigarrena, aldiz, komunikaziotik. Ibañez izan zen lehen hizlaria. Bere helburua emakumeak enpresan edo edozein lan arlotan dugun papera aztertzea zen, eta horretarako, ekintzaile orok behar dituen ezaugarriak aipatu zituen. «Ekintzaileak sustatzeko laguntzak, haztegiak eta halakoak badaude, baina hori etxea teilatutik hastea bezalakoa da, garrantzitsuena pertsonak dira. Berezko talentu batzuk ditugu, baina horrek ez du esan nahi hain ondo egiten ez dugun hori landu ezin dugunik», gaineratu zuen.

Bere esanetan, proiektu bat garatzeko lehenik ideia bat behar da, baina ideia hori aldatu egin daiteke edo ez du zertan gurea izan; beste norbaitena izan daiteke eta harekin elkarlanean aritu. «Ideia bera baino garrantzitsuagoa da egiteko gai garela sentitzea», esan zuen.

Koiote eta Bidelariaren marrazki bizidunak ekarri zituen gogora, eta azaldu zuenez, koioteak ekintzaileak behar dituen ezaugarriak ditu: esperimentatzeko eta hainbat arrisku hartzeko grina, berrikuntzarako prest egotea, esfortzua egiten du behin eta berriz bere buruarengan sinistuz, erresilientzia edozein egoeraren aurrean eta bere jarrera kontrolatzen du eta fokua oso argi dauka.

Puntu horiek oinarrian hartuta, ikerketa bat egin zuen Deustuko Enpresagintzako ikasleen artean eta balantzak gizonezkoen alde egin zuen: mutilek enpresa bat sortzeko interes handiagoa dute, euren buruarekiko pertzepzio hobea, arriskuak hartzeko prestutasun handiagoa eta berrikuntzen aurrean jarrera hobea. Neskek, ordea, motibazio handiagoa dute foku bat zehazten dutenean. «Bitxia da neskek nota hobeak izanda ere, mutilek euren buruarengan konfiantza gehiago izatea. Baina, esan bezala, ekintzaileak izaterakoan balio duena konfiantza izatea da...», gaineratu zuen Ibañezek, arlo horretan zerbait egiteko dugula ohartaraziz.

Dena egin nahian

Rodriguezek emakumeek jasan beharreko hainbat gauza aipatu zituen, tartean «mansplaining» deiturikoa, alegia, gizonek gai bati buruz gehiago dakitelakoan emakume bati azalpen bat ematen diotenean. «Mikromatxismoen aurka borrokatu behar gara, baina horretarako, kontziente izan behar gara existitzen direla», esan zuen. Horrekin batera kontziliazioa ez dagoela konponduta aipatu zuen, amatasun baimenen %93 emakumeek hartzen dituztelako. Era berean, zaintza lanak emakumeen esku gelditzen jarraitzen du, eta emakumeak lana egiten badu, beste emakume bat kontratatzen du lan horretarako.

Ikerketa baten arabera, ardura handiko karguetan dauden emakumeek profil bat dute: emaitzetan fijatzen dira batez ere eta delegatzeko gaitasun eskasa dute. Entzule batek honi buruzko gogoeta egin nahi izan zuen: «Dena guk egin nahi dugu ez garelako besteez fidatzen ala baloratuak izan nahi dugulako? Zeren nik besteengan delegatzen badut baina atzetik ibili behar banaiz zer egin behar duen esaten, sekulako karga mentala hartzen dut», zioen enpresako lanari erreferentzia eginez, baina baita etxekoari ere. Adituek aitortu zuten eurek ez dutela delegatzen kanpoko errekonozimendua nahi dutelako.

Amaitzeko, eta ideia honekin lotuta, Rodriguezek duela gutxi gertatutako egoera bat azaldu zuen. «Lagun batek Osakidetzan lan egiten du eta esan zidan oso kasu berezi eta nekez gertatuko den egoera batean emakumeen alde jotzeko dekretu bat proposatu zela, eta neska gazteek horren kontra egin zutela berdintasunarekin ez datorrelako bat. Gertatzen dena da, hainbeste ikasi eta lan egin ostean, ez dutela nahi inork esatea bertan daudela soilik emakumeak direlako», nabarmendu zuen.