Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Euskal Elkargoak bitartekoak jartzeko eskaera egin dio Hezkuntza ministroari

Euskal Elkargoko lehendakariak gutuna igorri zion otsailaren 7an Frederique Vidal goi mailako irakaskuntzaren ministroari, «gobernatzaileak baxoaren osteko formazio eskaintzen defizitaz ohartarazteko». Modu honetan, Jean-Rene Etchegarayk bat egiten du Mohamed Amara UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko zuzendariak egin zuen exijentziarekin, hau da, irakaskuntza-ikerketa arloan irakasle postuak indartzea.

Datozen lau urteetan ikasle kopurua 8.000ra iritsiko dela aurreikusten du Euskal Elkargoak, baina azken urteetan baxoa gainditu ostean UPPAn ikasten jarraitu duen ikasleen kopuruak behera egin duela nabarmentzen du. «Errealitate honek talka egiten du baxoa arrakastaz gainditu duten ikasleen kopuru handiarekin», azpimarratu zuen Elkargoko lehendakariak.

Etchegarayk alderaketa esanguratsuak egin zituen egoera modu grafikoan azaltzeko: «310.000 biztanlerekin, egun Akitania Berriko bigarren hiri handiena da Baiona eta 6.000 ikasle ditu, aldiz, Arroxelak 126.435 biztanlerekin 12.589 ikasle ditu, Poitiersek 128.180 biztanlerekin 25.000 ikasle ditu, eta Limogesek, 184.624 biztanlerekin 17.698 ikasle ditu. Aldea agerikoa da».

Lehendakariaren iritziz, «lotura zuzena dago unibertsitate ikasketak Euskal Herrian ez egitearen eta egiten den eskaintza ahularen artean». Horrela, irakaskuntza eta ikerketa arloan beharrezkoak diren 26 irakasle berri eskatzen ditu Elkargoak, baina postu horietatik hamaika 2018rako bermatuak izan behar direla abisatzen dute.