2018/02/14

Erreportajea
 
«ADUR ETA IZAR», HAURREN UNIBERTSOA ABERASTEN

Euskal mitologiak atzean dituen balioak etxeko txikienei transmititzeko «baliabide gutxi» zeudela ebatzita lotu ziren Guztia.eh-ko kideak Adur eta Izar-en istorioak eraikitzeari. Abentura eta jakintza batzen dituen proiektu kolektibo eta autoekoitzia da eurena.

Amalur ARTOLA
0211_kul_izar

Inportantea da proiektu hau autoekoitzia dela esatea», nabarmendu du Aritza Bergarak. Bera da Adur eta Izar-en azken abenturak idatzi dituena eta garrantzitsutzat jotzen du kolektibo batek hutsune bat sumatu eta bere kabuz hura betetzeko antolatzeko erakutsi duen abilezia. Guztia.eh «pertsonen kolektibo» gisa deskribatzen du, Javier Romeroren ideiatik abiatuta euskal kultura bultzatzeko sortu zena eta «haurrentzat mitologia liburu gutxi» zeudela iritzita horretara bideratutako proiektu bat abiatzea erabaki zuena. «Egon badaude lanak, tartean oso politak, baina batez ere gazteei zuzenduak dira. Guk nahi genuena ez genuen topatzen, garbi ikusi genuen hor hutsune bat zegoela, eta pentsatu genuen aukera polita zela abentura kontakizuna eta mitologia uztartuta umeei pertsonaia ezberdinak aurkeztu eta ezagupena zabaltzeko liburuak sortzea», ekarri du gogora.

“Adur eta Izar euskal mitologian” izan zen, 2014. urtean eta Ines Bengoa ipuin-kontalariaren testuarekin, horretara bideratuta argitaratu zuten lehen liburua. 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako agerkariak euskal mitologiako pertsonaiak aurkeztu eta bi protagonisten abenturekin nahasi zituen. «Uste dugu inportantea dela haurrek mitologia ezagutzea, batetik gure kulturaren zati oso garrantzitsu bat delako eta bestetik haren bidez jakin ahal dugulako antzina nola interpretatzen zuten mundua. Hori ezagutzeak laguntzen digu gaur egun gu zer garen ulertzen, baita hemendik aurrera zer izan nahi dugun erabakitzen ere», nabarmendu du Bergarak, eta mitologiak barnean biltzen dituen balioak transmititzea ere berebizikotzat jotzen du: «Gure kulturarekiko errespetua, naturaren zaintza... balio asko transmititu daitezke mitologiaren bidez».

Egun nobela beltzaren munduan buru-belarri sartua badabil ere –“Camino de sangre” (Adarmendi EKE) argitaratu berri du– Euskal Herriko mitologiaren gaineko hainbat liburu kaleratu ditu idazle sestaoarrak eta, hain justu, mitologiaren atala lantzen ari zirela abiatu zen Guztia.eh eta Bergararen arteko harremana. «Lehen argitalpenak harrera oso ona izan zuen, eta bigarrena Euskal Herriko leku magikoez egitea erabaki zen. Sinbiosi moduko bat sortu zen eta eskaini zidaten nik idaztea, eta baietz esan nuen». 6-10 urteko haurrentzat sekula idatzi gabea bazen ere, eroso sentitu zela dio, «nik ere bai baititut adin horretako haurrak eta irudika dezaket zerk erakartzen duen euren arreta». “Adur eta Izar 7 herrialdeetan” (2016) izendatu zuten bigarrena, eta Euskal Herriko leku «magikoak» errepasatzea zuen xede.

Bi agerkariek, gainera, CD-Rom bana daramate, nahi duenak informazioa zabal dezan. «Haur txikientzat denez kontakizuna doa alde batetik eta, gero, diskoan pertsonaia mitologikoen gaineko informazio gehiago ematen zen lehenean, eta Adur eta Izar-ek bisitatzen dituzten lekuen gaineko informazioa bigarrenean», azaldu du.

Bildumako hirugarren alearen testua lantzen dabilen honetan, aurrekoek izandako arrakasta aipatu du: «Bi urtez behin ale berria argitaratzea da asmoa, eta jendeak galdegin egiten digu, ea noizko dugun hurrena. Badakigu jendea diskoan aipatzen dugun lekuetara joan dela, egun-pasa. Ikono modukoa bilakatzen ari da, eta pozik gaude».

 

Ama lurraren eta naturaren defentsa, 2018ko ale berriko protagonista

Balioetan heztearen alde lerratuta dagoen proiektu kolektiboa da “Adur eta Izar”. Gure tradizioaren eta kulturaren emaria arakatu, eta belaunaldi berriei transmititzea merezi duten balioak finkatu eta haurrek xurgatzeko moduan plazaratzea helburu duen proiektua. Xede horrekin osatu zuten haur literaturan ekarpen berria egitera etorri zen “Adur eta Izar euskal mitologian” 2014. urtean, eta bidea urratzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuten 2016an, “Adur eta Izar 7 lurraldeetan” ale berriarekin.

Hurrengo urtearekin batera argitaratuko dute ale berria, hirugarrena, eta, kolektiboko kide Aritza Bergarak aurreratu duenez, ama lurraren eta naturaren defentsa izango ditu hizpide. «Argi dugu horren inguruko alea izango dela, zirriborroarekin gabiltza orain eta prets egongo da 2018rako». A.A.