GARA
BILBO

Itziar Barrioren boterearen gaineko gogoetak, Alondegian

Itziar Barrio (Bilbo, 1976) New Yorken bizi da eta han lan egiten du gaur egun. Bere zenbait artelan nazioarteko espazioetan aurkeztu dira, eta gaurtik aurrera artista bilbotarrak azken hamarkadan egin dituen lanez osatutako erakusketa egongo da ikusgai Bilboko Alondegian, maiatzaren 6ra bitartean. Barriok besteekin harremanetan jartzeko dauden formak ikertzen ditu eta, aldi berean, denek batera duten faktorea hartzen du ardatz gisa: boterea.

Bilboko Alondegiak Itziar Barrioren “By All Means” erakusketa jasoko du maiatzaren 6ra arte, Johanna Burton komisarioaren eskutik. Erakusketa Barriok azken hamarkadan zehar garatutako lanak biltzen dituen lehen lagin handia da.

Erakusketa atzo aurkeztu zuten prentsaren aurrean eta Barrioren lanean barneratzeko hainbat gako eman zituzten. Gogora ekarri zutenez, gizakiek hainbat truke modu eta era guztietako bideak erabiltzen dituzte elkarrekin harremanetan jartzeko –hizkuntza, dirua, emozioak, politika, sinboloak, familia, komunitatea, geografia, teknologia eta sexua, esaterako– eta Barriok munduan ibiltzeko eta besteekin harremanetan jartzeko dauden modu horiek eta beste batzuk ikertzen ditu, eta, aldi berean, denek batera duten faktorea hartzen du ardatz gisa: boterea. Barriok interesa agertzen du negoziazio sozialaren izaerarekiko, eta zuzeneko performanceak, filmak, bideoak, fotografiak, eskulturak eta instalazio luzeetan aplikatutako teknikak erabiltzen ditu hori adierazteko.

Sarritan, aurrez dauden scrip-ak erabiltzen ditu bere helburuetarako, eta, horrela, «narratiba dramatiko eta estetiko konplexuak ehuntzen ditu, partekatutako jakintzaren mugak ikertu, eta aukera inkontzienteak aldatzeko», Alondegiko arduradunek zehaztu zutenez. Barriok oso iturri eta objektu zehatzak eta espezializatuak aipatzen ditu, hala nola Stanley Milgram-ek obedientziaz egin zituen esperimentuak; baina, era berean, aski hedapen baduten objektuak ere aipatzen ditu, ia unibertsalak ematen dutenak, adibidez, Ikea-k diseinatutako aulki tolesgarriak. Pertsonaia generikoak ere hartzen ditu; esate baterako, “heroia”, “bilaua”, “marinela” eta “zorro-lapurra”, eta hezur-haragizko pertsonaia bilakatzen ditu, bihotzez, arimaz eta ustekabeko desiraz horniturik.

Barrio artista aski ezaguna da, zuzenean grabatutako performance-ekoizpen konplexuengatik, «zuzenekoaren bat-batekotasunak talka egiten baitu prestatuta eta antolatuta dagoenaren aurresangarritasun agerikoarekin. Barriok iradokitzen du denok garela aktoreak, nor bere egoeran», zehaztu zuten.

Barrioren erakusketaz batera, bigarren bat ere hartuko du Alondegiak maiatzaren 6ra arte: Miriam Isasi (Gasteiz, 1981) eta Jose Manuel Mesias (Habana, 1990) artisten “Lerro zuzena ez da laburrena”. Bi artistok Alondegiaren Amphitryon programaren barruan egin duten egonaldian osatu duten lanaren emaitza da erakusketa. Miriam Isasik Kuban egin zuen egonaldiaren zatia, eta Jose M. Mesiasek, berriz, Bilbon, truke bidez, Carlos Garaicoa estudio kubatarraren “Artista x Artista” programarekin elkarlanean.