Belaunaldi eta filosofia talka, Nazionalaren finalean
Irurtzunen ofizioa eta esperientzia Zazpi Iturriren ilusioaren aurka neurtuko dira igandean, Beotibarren.

Final atariak aurreko hilabete eta urteetan egindako lan isil hori balioan jartzeko une egokiak izaten dira, eta igandean Tolosako Beotibarren jokatuko den Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketa Nazionalarenak gaur egun afizionatu mailan dauden bi errealitate nagusiak jarriko dizkigu parez pare, Irurtzun klubean eta Amezketako Zazpi Iturri-n islatuak.
Biak dira Euskal Herriko harrobi emankorrenetakoak eta bertatik pasatako profesionalen zerrenda gogoratzea besterik ez dago: Nagore, Chafee, Begino, Ongay, Idoate, Ladis Galarza eta Zabaleta nafarren artean; eta Eneko Galarza, Haritz, Sukia, Saralegi, Mendizabal, Jaka, Tolosa, Altuna, Irribarria eta Erostarbe gipuzkoarren artean.
Horrek euren taldeetan gorabehera handiak izatera eraman ditu eta gaur egun oso egoera desberdinak bizi dituzte Aralarren alde batean eta bestean. Talde beteranoa batu dute Nafarroa aldean, Aspen nahi eta uste baino ibilbide laburragoa izandako Alberto Ongay (2008-2013) eta Mikel Olazabal (2007-2013) buru dituztela. Bost eta sei urte eman zituzten Satrustegikoak eta aresoarrak profesionaletan, eta pilota bi enpresa handietan amaitzen ez dela azkenean barneratuta, berriz ere sustraietara itzultzea erabaki zuten, pilotaz gozatzen jarraitzeko eta jarraitzaileei gozarazteko.
Taldea beste aresoar batek, Anartz Olano gazteak (22 urte), eta Josu Bergerak (27) osatzen dute. Apur bat desilusionatuta, Arruazuko atzelariak eten bat egin zuen bere kirol ibilbidean, baina orain dela bi urte berriz ere jantzi zituen takoak eta maila bikainean ari da. Garferekin ere jokatzen ditu zenbait partida eta Iñaki Zabala Pilotabizi elkarteko kidearen, esanetan, «azken partidetan atentzioa eman digu. Profesional asko baina maila handiagoa ematen ari da, bi eskuekin ikaragarrizkoak ematen dizkio eta oso segurua da. Bera nabarmenduko nuke».
Txapelketa hasieratik finalean egoteko faboritoetako bat zen eta bigarren fasean sartu eta gero, Usansolo, Zaramaga eta Hernani kanporatu ditu, emaitzen aldetik nahikoa erraz gainera.
Zazpi Iturri, ordea, ez zen hasi aurreko pronostikoetan sartzen eta bitxia da, baina azken faseak etxetik kanpo jokatu diren honetan –Larrunarri pilotalekuan hobekuntza lanak egiten ari dira– lortu du «etxeko torneoko» finala lehen aldiz jokatzea.
Jaka, Tolosa, Altuna, Irribarria eta Erostarbek profesionaletarako jauzia emanda, nolabaiteko zuloa geratu zen Amezketako klubean, baina, antza denez ari dira kimu berriak ernaltzen. Peri Labaka eta Xabier Zubiria, hogeita bana urterekin, ari dira eurengandik esperotako maila ematen, baina batez ere Ioritz Egigurenek (20) eta Julen Aizpuruk (19) euren teknikoek ere espero baino sendotasun handiagoz jokatzen dute.
Txapelketan behe-behetik hasi ziren gipuzkoarrak, eta Markina, Erreka eta Buruzgain kanporatu zituzten azken fasean. Horiek ikusita, ofizioaren eta ilusioaren finala ere dei dakioke, beraz, igandeko Nazionalekoari.
Kluben aldeko alegatua
Kirol ikuskizunaz harago, igandekoa aldarrikapen eta aitorpen ekitaldi bat izatea nahi dute txapelketaren antolatzaileek. «Uste dugu klubak direla pilotaren sustatzaile, klubik gabe ez dago pilotarik, ezta ere pilotaririk. Askotan uste dugu pilotariak txanpiñoiak bezala irteten direla, baina atzetik lan asko egin duen norbait dago beti», azaldu zuen Iñaki Perez de Eulatek.
Horregatik, ekitaldiaren hasieran Nazionalean parte hartu duten 17 klubek eurek aukeratutako ordezkari bat omenduko dute –klubeko bana–.
Hala ere, hauetaz gain, ekitaldi nagusian, beste lau izen nabarmenduko dira bereziki, urte luzeetan egindako lanaren esker on gisan: Zugarralden aritutako Tomas Ezkurra, Markinako Serafin Ibarra, Getariako Segundo Alkorta eta Maria Jesus Fernandez de Landa, Adurtzakoa. Ziurrenik, Juan Martinez de Irujo eta Jokin Altuna izango dira sariak emango dituztenak.J.O.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
