Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Metaforak

Batxilergo urteetan literaturako klaseetan orduak pasa genituen literatur lanak aztertzen eredu formalistari jarraituz. Oraindik ere gordeta dauzkat gurasoek neba-ahizpoi Gabonetan erositako ordenagailuan idatzitako notak: testu bakoitzeko metafora, metonimia, anafora, paralelismo, eta abarren kopurua. Figura erretoriko bakoitza azaltzeko orduan, irakasleak testu ezagunen batetik hartutako pasartea aipatu ohi zuen, eta ordutik metaforaren esanahia “mentira azul de los inocentes” esaldiarekin lotuta iltzatuta dut buruan; hau da, Ruben de Dariok zeruaren metaforatzat erabilitako esaldiarekin.

Maiz aritu naiz esaldi jakin hori, batxillergo egun haietan figura erretorikoak ikasteko erabilitako gainerako adibideak ez bezala, urte hauetan gogoan izatearen arrazoiaren gainean pentsatzen. Akaso, arreta eman zidan hitz gutxitan mezu politiko sakona azaltzeko poetaren moduak. Azken batean noren kontsolamendua izan da zerua, erlijio-botereak jazarritakoena ez bada? Eta zerua bera amarru horren parte da, erlijio-botereak berak asmatutako kontsolamendua. Baina poetak bakarrik aditzera eman zezakeen amarrua hain modu zehatz eta ederrean. Botereak ez du horretarako trebetasunik. Metaforak erabiltzeko joera handia badu ere, iraingarriak izaten dira gehienetan, herritarrak tontotzat jo ohi dituelako. Zentzu horretan, norbaitek esan beharko lieke gure politikariei eta horien aholkulariei inongo metaforak ezin duela beren arrazakeria ezkutatu eta, faborez, metaforikoak izateari uzteko. Gezurra ezaguna zaigu.