Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Enbata jatorren haizea!

Birzentralizazio prozesu bete-betean daude zezen-larruko zezenbide-estatuko buruak. Bat eta bakarra nahi, larrua, estatua eta kolorea ere bakarra, kaka kolorea bada ere. Bazterreko tentaldi gehiagorik ez, arren! Mediterraneo edota Kantauri izan, itsasook zezen-larruaren barruko urak dira, potxingoak, olaturik ezin sor dezaketen Manzanares ibaiaren adarretako ur geldiak. Tira! Parisen behintzat Sena dute, ibaian! Baten batek botatakoaren bidetik, eta 1978ko erregimena gogoan, gaixo omen dauden horiek osasun bikainean ari direla esan liteke. Euren osasuna, jakina, euren gorputzean... eta euren ingurumen kirastuan.

Baina guk, geure gorputzean jaio garen periferiakook, osasuna sudurretik arnasten dugunok, beste modu batean bizitzen ditugu ibaietako ur ibiliak. Ura ibilguan ibili munduan! Bai, zentroa gero eta zentroago, eurek nahi, han nahi. Eta horren aurrean bi irtenbide dira, udako ikastaroen zain egon gabe: bata, periferiak gero eta periferiago; bestea, periferiak gero eta zentroago. Lehena ez da konponbidea, hor-konponbidea ez bada! Bigarrena da periferiaren hautua, espazio bakoitza zentro bihurtu, erabakigune. Espazioak horrela, akabo zentroak munduan, denak periferia berak! Akabo urruneko agintzerik! 0 km-ko agintari, edonon! Geroa ikusteko modu horizontala, distantziak motzean gozatuta, bertikalean ez baita goiko urruna ikusten. Egunotan entzun dut, hurbileko legebiltzar bateko ezbaian entzun ere. Hango zentroko batek hemengo periferiako bati aurpegiratuta; hots, haizeak sortzen dituenak ekaitzak jasotzen dituela! Eguraldia berriro ere politikaren ardatz! Garai batean ETBko mapa zela eta, orain haizea dela eta. Mon Dieu! Ni periferiatiko haizeak sortzearen aldekoa naiz, energia berriztagarria bertan izateaz gain, suminduen enbata jatorrak hedatzen lagungarri.