Haritz LARRAÑAGA

Kaleko liburutegiak

Garai bateko telefono kabinen lekua «liburu kabina» gorri-urdinek hartu dute Baionan. «Jendearengan irakurzaletasuna sustatu eta irakurleei erraztasunak eskaintzeko» zazpi kabina ezarri ditu Herriko Etxeak hiriko bost auzo nagusietan eta zortzigarren armairu bat jartzeko leku bila dabiltza.

Kaleko liburutegi hauetan ez da bazkide txartelik eskatzen, ez da jarraitu beharreko arautegi zorrotzik, eta ez da aterik zeharkatu behar. Edonork utz dezake liburu bat armairuan beste norbaitek irakur dezan, eta modu berean, beste norbaitek utzitako liburuak har daitezke, lekuan bertan edo etxean lasai-lasai irakurtzeko.

Egun, 10.000 irakurle daude Baionako liburutegietan izena emanda eta bada irakurleen klub bat ere. Bertako kide Jeaninek eta Mirellek estreinatu dute aste honetan kabinetako bat. «Momentu honetan baditut irakurtzeko berrogei bat liburu. Gehiegi da, beraz, pare bat ekarri ditut, polizia-nobela bat eta bestea exoterikoa», azaldu zuen Mirellek.

«Espaloi orotan bilatzen ninan hire soineko gorri eta urdina», abesten zuen Mikel Laboak “Orduan” abestian. Baionan soinekoaren ordez, kabina gorri-urdin bat topatuko luke.