Jon GARMENDIA
Idazlea

Itzaltzen doan izarra

Bizitzak ez duela ekarpenik beretzat, deus gutxi eskaintzen diola gaur egun. «J’ai tout connu, tout vu» aipatu du Alain Delon aktoreak berriki egin dioten elkarrizketa batean. Ukan duen bizi trena dela medio, eta azaroan 83 urte betetzera doala jakinda, ez nau sobera harritu dena ikusi eta dena ezagutu duela jakiteak. Tira, nahiz eta egunerokoaren zirrikitu ttipietan beti zerbait berri badela sinisten dudan. «Mais surtout, je hais cette époque, je la vomis»; garai hau gorroto duela dioenean, enpatia ukan dut, beharbada gureari distira handirik ikusi ez eta beste garai batzuen idealizazio fasean nagoelako ni ere; edo garaiotan ez dagoela errespeturik, hitzak ez duela batere balio eta halako erramoldeekin bereganatu nauelako. Aitortzen dut ez naizela inoiz bere zalea izan, arruntegia iruditu baitzait bere lanean, eta harroegia adierazpenetan, baina urteotan trufaka ari zaio jende anitz, izan umore arlokoa edo idatzizko satirena, Delonek bere buruari buruz hitz egiteko hirugarren pertsona erabiltzen duelako, edo ez dakit zer jainkoren ukitu berezia duela sinistuta agertzen delako edonon. Pena ere ematen dit, ordea; lastima, ez bainaiz irri kolektiboaren zalea, eta bestetik, Delonek elkarrizketan aipatzen duen «Je quitterai ce monde sans regrets» esaldiak agur bat dirudielako. Bera da bere belaunalditik bizi den bakarra, eta ibilbidearen bukaera ikusten ari dela pentsarazi dit. Orduan edozein lurtar bezala ikusi dut, bere mamu eta beldurrei aurre egin behar dien gizaki gisa, itzaltzen doan izar bat balitz bezala.