R.S.
DONOSTIA

Troitiñok ukatu egin du beste 11 urtez kartzelatuko lukeen inputazio berria

24 urtetik gora eman zuen Estatu espainoleko kartzeletan Antton Troitiñok 2011ra arte, eta atzo Auzitegi Nazionalean eserarazi zuten berriz. Londresera joan ostean berriro ETAn sartu zela egotzita, beste 11 urteko zigorra ezarri nahi diote. Goitik behera ukatu du.

24 urte luze dira Antton Troitiñok espainiar kartzeletan igarotakoak, 1987. urteko urtarrilean Madrilen atxilotu zutenetik 2011ko apirilean aske atera zen artekoak. Sei egun eskas egin zituen kalean lasai, tarte horretan kaleratzeko erabakian atzera egin eta preso ohia berriro atxilotzeko agindua eman baitzuen Auzitegi Nazionalak. Ordurako, ordea, Troitiño ez zegoen Donostian, ez eta Ipar Euskal Herrian ere. Handik urtebetera, 2012ko ekainean, Londresen atxilotu zuten eta, gorabehera askoren ostean, 2017ko maiatzean Espainiaratu. Bost urte horietan, Madrilek zigorra luzatzeko erabili nahi zuen «Parot doktrina» indargabetua zuen Estrasburgoko Auzitegiak, eta ondorioz (Lopez Aguilar ministro ohiaren adierazpideak ederki asko laburbildu zuenez), kartzelaldia luzatzeko «inputazio berri bat eraiki»&flexSpace;beharra zegoen.

Sinesgaitza badirudi ere, Londresera joan ostean Troitiño berriz ETA erakundean sartu zela dio akusazio horrek. Horregatik epaitu zuten atzo Auzitegi Nazionalean, eta fiskalak 11 urteko kartzela eskaera egin zuen. Bere tesiaren arabera, Ingalaterrako hiriburua bizitokitzat hartzea ez da ihesaldi gisa soilik ulertu behar. Horretarako, nortasun agiria faltsutu zuela eta horretan ETAren laguntza izan zuela ondorioztatzen du. Eta aukera hori egiteak erakunde iheslari kolektibo baten kide bilakatzen duela gehitzen du. Hori guztia dela- eta, herri salatariaren hitzetan, Troitiño «ETAn integratu zen beste behin ere eta erakundeko aginduen menpe jarri zen».

«Ez nuen itxita egon nahi»

Bere abokatuaren galderei erantzunez, horrelakorik ez zela inondik ere gertatu adierazi zuen Troitiñok. Esan zuenez, espainiar espetxeetatik atera ondoren ez du ETArekin inongo harremanik izan eta ETAko inor ere ez da berarekin harremanetan jarri.

2011ko apirilean berriro atxilotzeko agindua eman zutenean, bere alabak Hendaian duen etxean zegoela jakinarazi zien epaileei, eta «inor ez zen nire bila etorri», baieztatu zuen. Aitortu zuen ez zuela bidezkoa ikusten berriz espetxeratua izatea, bete beharreko zigorra agortua zuelako; hemen, gerora legearen aurkakoa zela frogatu zen «Parot doktrina» ezarri izan ez baliote, ez 2011n, baizik eta 2008an kalean egongo zela nabarmendu zuen.

Hendaian beste zenbait hilabete eman ostean, azkenik «hor itxita egon nahi» ez zuela-eta eta «toki lasaiago bat» behar zuela-eta, Londresera joatea erabaki zuela azaldu zuen Troitiñok. Egunkariak saltzen jardun zen han, atxilotu zuten arte.