Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Zuhaitz lepatuen Europa mailako bigarren topaketak Saran

Martxoaren 1,2 eta 3an Europako 10 herrialdeetatik etorritako 30 hizlarik hartuko dute parte Eusko Laborantza Ganberak Saran antolatu dituen ekitaldietan. Hamabi urteren ostean egingo duten Europa mailako bigarren jardunaldiak zuhaitz lepatuak izango ditu ardatz, eta gaia jorratzeko euskaraz, frantsesez zein ingelesez arituko direnez, guztiek elkar uler dezaten aldibereko itzulpen sistema eskainiko dute.

Hiru egunez teknikari, laborari eta hainbat elkartetako 300 lagun bilduko dira beste herrialdeetan mirespena sortzen duen Sarako oihanaren magalean, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da. Hitzaldiak goizez izango dira eta arratsaldetan bertara joango dira, tailer praktikoak egitera.

Gauez, ostera, film eta musika emanaldiak eskainiko dituzte, gerturatu nahi duen ororentzat irekiak. Besteren artean, Ruper Ordorikaren kontzertua izango da ostiralean.