Alfontso DIEZ

Gibson, hondoa jotzear

Fenderrekin batera, Gibson da, seguruenik, gitarra markarik entzutetsuen eta ikonikoena. Jimmy Page, Chuck Berry, Bob Marley, Slash, BB King, Angus Young, Frank Zappa, Tony Iommi... izen handi askoren eskuetan ikusi ditugu fabrikatzaile estatubatuarraren modelo ezberdinak: Les Paul, SG, ES-335, Explorer, Flying V, Firebird... Bada, Gibson Guitar Corporation etxeak, luze gabe, kiebra jo dezake: zor handiari egin behar dio aurre uztailaren 23a baino lehen, denera 375 milioi dolarri (303 milioi euro).

Epe horretarako ordainduko ez balu, isun potoloa izango luke zain: beste 145 milioi dolar.

Auzia hain denez muturrekoa, duela sei hilabete inguru Gibsonek kontrataturiko finantza aholkulari Bill Lawrencek dimisioa eman berri du eta CNBC telebista kate ekonomikoak «denboraren aurkako lasterketa» gisara definitu du. Oraingoz, zordunekin negoziatzen hasi dira enpresaren arduradunak, epeak luzatzeko eta zorrak berriz finantzatzeko asmotan.

“The Nashville Post” egunkariaren arabera, modelo berrien salmenta eskasek eta bigarren eskukoenek eragiten dituzten irabazi txikiek ekarri dute egoera kritiko hori.