GARA
GASTEIZ

Hutsuneak Gasteizko lehenengo Memoriagunearen inaugurazioan

Atzo inauguratu zuen Gasteizko Udalak Santa Isabel hilerriaren kanpoaldean dagoen monolitoa. Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformak ez zuen parte hartu ekitaldian, Udalaren Memoriaren Planak «jatorrizko asmoari eutsi ez diola» uste duelako.

Santa Isabel hilerriaren kanpoaldean monolito bat jarri du Udalak frankismoko biktimak oroitzeko. Gasteizen jartzen den lehenengo Memoriagunea da, eta hilerri horren horman fusilatu zituzten lagunak gogoratuko ditu, horien artean Estepan Urkiaga Lauaxeta.

«Hau da gure omenaldia beraien memoria eta beraien duintasuna berreskuratzeko eta justizia egiteko. Eskertu nahi diegu egin zuten lan guztia, batez ere demokrazia defendatzea gure hirian», nabarmendu zuen alkateak, Gorka Urtaranek, atzoko ekitaldian.

Bertan udal talde guztien ordezkariek parte hartu zuten; ez, ordea, oroimen leku hauen sustatzaileek. Izan ere, Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformaren ustez, Udaleko Memoriaren Planak «ez dio jatorrizko asmoari eutsi».

Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideak Alea hedabideari azaldu dionez, «Gasteizko Memoriaren Plana ez da jatorrian zena, bere osotasunean ez dituelako bermatzen egia, justizia eta erreparazioa». Zentzu honetan, gogoratzen du alkateak ez dizkiela dominak eta kale izenak kenduko frankismoarekin lotutako pertsonei, eta, horren ordez, testuinguruan jarriko ditu.

«Testuaren arabera, pertsona horiek garaiak bultzatuta izan ziren frankistak; nola da posible? Beste batzuek garai bera bizi izan zuten eta ez zuten frankismoarekin bat egin. Diktadura eztitzen dute halako tesiek», nabarmendu du Martinezek.