Alfontso DIEZ

Jolas parkea eraisten

1974an eraikitako eta publiko eskasiagatik 1990ean itxitako Artxandako jolas parkea eraisteko lanen hirugarren faseari ekin zioten atzo, oraindik zutik irauten duten baina egoera oso txarrean dauden egiturak botatzearren. Lau hilabetez luzatuko dira lanok eta 850.000 euroko kostua izango dute.

Eraisteko obrak otsailaren 6an hasi ziren, bi fasetan. Lehenik, langileek eskuz kendu zituzten hainbat eta hainbat elementu, eta ondoren beharrezko tratamendua emateko bildu zituzten pneumatikoak, bidoiak, bestelako edukiontziak, plastikozko materialak, oholak... Eta gerora, eraikinen barruko altzariak, komunetako osagaiak, ateak, leihoak, hormak, papera eta kartoia eta instalazio elektrikoak erretiratu zituzten.

Orain, berriz, bi hondeamakinak hirugarren faseko lanak hasi dituzte. Behin zutik zeuden egitura horiek eraitsi eta materialak bereizita, porlana txikitu eta zangak eta zuloak betetzeko erabiliko dute.

Izan ere, obraren helburua da jolas parkeak harturiko lur eremu hori zero kotara lehengoratzea, zoruan dauden zuloak –gehienak landarez beteak– eta istripuak gertatzeko arriskua desagerraraziz.