Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren musikariak

Noiz uzten dio musikariak musikari izateari? Agian barruan ez duenean musika gehiago sortzeko trebeziarik? Poetikoago esateko, musika ihes doakiolako? Beraz, musikarik ez duenean, sortzaile ohiak ez du musikari izaerarik? Musikariak egin duena ezin izango dio inork kendu. Akaso salduko ditu edo kenduko dizkiote kantuen lege eskubideak; sorkuntza, ordea, musikariarena izango da betiko. Beste gauza bat da kantuak izan duen indarra kolektiboan, auzoan, herrian, gizartean edo munduan. Hainbat abesti arbuiatuko ditugu, baztertu gure oroitzapenetik.

Kantuek ez dutenean entzulerik irabazi musikariaren bakardadea musikariak berak kudeatu behar du. Utzi edo segi. Baina garrantzitsua da musikariak ongi defendatzea egin duen lana. Defendatzea ez da hitz egokiena, gustukoagoa dut kantuei buruzko hausnarketa sakona eta emozionala egitea, entzule edo irakurlearentzat zirraragarria izatea. Musika eta hitzak egiteaz landa, musika eta testuen kontzeptua landu eta azalpen sentikorrenak pentsatzea eta transmititzea ezinbestekoa da. Horrek balio erantsi filosofikoa eta kulturala emango dio egileari.

Badira Euskal Herrian musikariak, badira musikaren komunikatzaile baina ez dira denak apartak. Bi aukeratu ditut euren azken abestien mamiak bide beretik doazelako: Andoni Tolosa Morau eta Francis Diez. Morauk emandako elkarrizketa GARAn zintzoa bezain biluzia da. Amari emandako agurra. Francisek apirilean argitaratuko duen “La fuerza de la fragilidad. Palabras ante el espejo” diskoan joandako aita du hizpide, hauskortasunaren indarrak hausnartuz.