Asier AIESTARAN
PILOTA

Rezustak ere atseden hartuko du

Bergarako atzelariak nahiago izan du finalerdietarako eskuak apur bat babestea eta uko egin dio bihar bere herrian jokatzeari.

Beñat Rezustak ez du jokatuko bihar Bergarako jaialdian. Atzelariak, aspalditik finalerdietarako sailkapena lortuta, nahiago izan du final-laurdenetako azken jardunaldiari uko egin hurrengo fasera sasoi bete-betean iristeko, nahiz eta azken partida hori bere herrian izango den.

Ez da batere ohikoa Beñat Rezustak partida bati uko egitea. Nahiz eta ia pilotakada guztiak ezkerrez jotzen dituen, orain arte profesionaletan daramatzan urteetan ez du ia batere arazorik izan eskuan eta horri esker oso partida gutxi utzi behar izan ditu bertan behera.

Oraingo honetan, ordea, halaxe egin behar izan du eta bere lekua Xabi Erostarbek hartuko du. Urretxuarra maila ederra ematen ari da azkenaldian eta, 23 urterekin, etorkizun gehien duen Aspeko atzelarietako bat da gaur egun. Hori bai, Promozio Mailako Binakakoan, Ugalderekin bikotea osatuz, ezin izan du finalerdietan sartu –bosgarren amaitu dute ligaxka–.

Rezustarena ez da biharko jaialdian hutsune bakarra izango. Asegarcek aurrez jakinarazi zuenez, Ander Imazek ere nahiago izan du finalerdietarako eskuak apur bat babestu eta azken jardunaldi honetan Ibai Zabalari utziko dio bere lekua Aimar Olaizolaren atzelari modura jokatzeko.

Kasu berezia da Ibai Zabalarena, hiru aurrelari desberdinekin jokatuko duelako aurtengo Binakakoan. Urrutikoetxearekin bi partida jokatu zituen, Artolarekin beste bi, eta oraingoz azkena Aimar Olaizolarekin jokatuko du.