GARA
BILBO

Soldata arrakala ezabatzeko datuak bildu nahi dituzte

Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna da gaur, eta atzo, Lakuak deituta, patronal zein sindikatuak –ELA izan ezik– agintariekin elkartu ziren lansarien arteko aldeak ezabatzeko neurriak zehazteko asmoz. Hurrengo bileran, martxoaren 12an, Emakundek parte hartzea adostu zuten erabakiak hartzeko datuak mahai gainean izan ditzaten. Bilera «oportunistatzat» jo zuen LABek eta zehaztu zuen datu errealak enpresa bakoitzak dituela.

Lakuako Lan eta Justizia Sailak antolatuta, Confebask patronalarekin eta sindikatuekin bildu ziren gobernu agintariak, gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalari aurre egiteko neurriak lerrokatzeko asmoz.

Hego Euskal Herrian emakumeen urteko lansaria, batez beste, 7.680 euro txikiagoa dela jasotzen du INE Estatuko estatistika institutuak (2015eko datuak). Hala, Lan Harremanen Kontseiluan egindako lehen bilkura horretatik atera zuten ondorio garbiena izan zen Emakundek parte hartu behar duela hurrengo batzarrean, martxoaren 12rako aurreikusian, irabazien arrakalaren datuak aurkeztu ditzan neurriak horien gainean hartu ahal izateko.

LAB sindikatua, aldiz, ez zen bat etorri ideia honekin. Beraien ustez, enpresek dituzte «datu errealak» eta horregatik banan-banan zuzeneko eskakizuna egingo duela ziurtatu zuen. Horrez gain, ez zuen ziurtatu hurrengo bileran parte hartuko duen ala ez, arrailaren konponbidean pausoak eman behar dituzten aktoreen jarreraren arabera hartuko baitu erabakia.

Lehenengo bilkura honetan parte-hartzaile bakoitzaren proposamen zein ikuspegiak trukatu zituzten bi ordu inguru iraun zuen saioan. Ordezkarien artean ELA sindikatukoak falta izan ziren, eta LABek ez baina CCOOk eta UGTk positibotzat jo zuten aurreneko bilera, Confebaskeko Giza Baliabideen zuzendariak eta Lakuako Lan arloko sailburuordeak bezalaxe. Hemendik aurrera, osatutako lan mahaiak sei hilabete izango ditu ondorioak aurkezteko.

Iritzi kontrajarriak

ELAk astelehenean aurreratu zuen ez zuela parte hartuko, eta Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Egunaren bezperan egin zen bileran Euskal Herrian gehiengoa duen sindikatuak huts egin izanak hautsak harrotu zituen.

Iñigo Urkullu lehendakariak, hain zuzen, «bilerara bertaratu ez direnek» elkarlana ez dezatela trabatu eskatu zuen TransDi Foroaren irekieran, eta sindikatuak zein patronala akordio batera iristeko gai izatea espero duela aldarrikatu zuen.

ELAk, aldiz, bilkura «itxurakeria hutsa» zela argudiatu zuen, eta atzo Txiki Muñozek nabarmendu zuenez, prest daude gizon eta emakumeen arteko lansarien arteko aldeari aurre egiteko sindikatuak dituen gidalerroak Lakuari helarazteko, «baina antzerkietan parte hartu gabe». Bere iritziz, bilkura hauek keinu hutsak dira, «ez dute arazoak konpontzeko balio».

Ildo beretik mintzatu zen LAB, Arantza Vazquez ordezkariaren bidez. Azpimarratu zuen ez zitzaiola positiboa iruditu bilkuraren abiapuntua eta Confebasken ikuspegia kritikatu zuen: «Argi utzi dute beraientzat soldata arrakala ez dela diskriminatzailea, eta beraiek afera horretan duten erantzukizunari iskin egin diote». Horrez gain, ohartarazi zuen Lakua ez dagoela prest patronalari aurre egiteko, «ez duela interpelatuko adierazi baitzuen».

Confebaskek zein Lakuak soldata arrakalaren arazoari aurre egiteko proposamen bat bera ere ez zutela egin kritikatu zuen LABek, eta hein horretan bilera «oportunistatzat» jo zuen. Emakunderen datuen zain egon beharra ere ezbaian jarri zuen: «Emakundek jada badakizkigun datuak emango ditu».

Izan ere, INE erakundearen datuez baliatu zen Emakunde atzo helarazi zuen prentsa oharrean, EAEn emakumeek urtean 7.551 euro gutxiago irabazten dutela nabarmentzerako orduan: «Langile bakoitzeko batez besteko irabazia 31.088 eurokoa da gizonen kasuan eta 23.537 eurokoa emakumeetan».

Proposamenak

Astelehenean ELAk zein LABek beren proposamenak argitaratu zituzten, eta biek ala biek soldaten arteko aldea arazo politikoa dela nabarmendu zuten.

LABek politika feministen aldeko apustua behar dela zehaztu zuen eta ELAk soldata arrakala gainditzeko ezinbestekotzat jotzen du emakumeen «antolakuntza eta borroka».

Donostia no segrega por sexos los datos que publica

El grupo municipal de EH Bildu indicó ayer que el Ayuntamiento de Donostia no hace segregación por sexos en los datos que publica, por lo que no existen datos oficiales sobre la brecha salarial en la ciudad. Por eso, propone que esos datos estén disponibles en la web municipal para todas las personas y colectivos con el objetivo de «conocer la dimensión del problema y darle la visibilidad». La coalición deduce que la brecha salarial es alta teniendo en cuenta que en la CAV oscila entre el 24% y el 30% y que, según Eustat, en Donostia la renta anual media de las mujeres es 9.159 euros menor que la de los hombres. A.U.A.