Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Pertsonala politikoa da baina...

Politikoa modus vivendi hutsera mugatzea neoliberalismoaren oinarria den indibidualizazioarekin oso ondo ezkontzen da. Euskal Herrian azken urteetan, burujabetza eta boterea txikitik borrokatzen denaren ideia gailendu da ezkerreko zenbait mugimendutan. Nancy Fraser aktibista estatubatuarrak feminismotik egin izan ditu kritikak zentzu horretan. 2013an “Feminismoa nola bilakatu zen kapitalismoaren dontzeila - eta nola berreskuratu” [https://labur.eus/MMzHU] izeneko artikulu mamitsuan zioen «‘ekonomia’ ukatuz eta ‘pertsonala’ politizatuz genero ezberdintasunaren eraikuntza kulturalean oinarritutako hierarkiak desafiatzeko agenda politikoa zabaldu zuela» baina emaitza «‘genero identitatean’ oinarritutako enfoke unilaterala izan zela, eguneroko ogiaren arazoen kaltetan». «Identitate politiketan oinarritutako biraketa feminista ondoegi ezkontzen zen berdintasun soziala gogorarazten zuen ideia oro txikitu nahi zuen neoliberalismoarekin».

Neoliberalismoak identitate kolektibo fragmentatuak produktu gisa saltzen ditu, ohitura aldaketak tribuetara mugatuz. Finean, ezkerreko zenbait sektoretan horren modan dauden «identitate politikek» indibidualizaziora jotzeko arriskua dute, egitura ekonomikoak aldatzeari uko eginez.

Kritika hau ezin zaio mugatu feminismoari, hemen orokortua baita ezkerreko mugimenduetan. Borroka kulturala (gainegitura) ezinbestekoa da zentzu komun berriak eraikitzeko, baina funtsean auziak betikoa izaten jarraitzen du: nola aldatu egiturak. Auzi ekonomikoa zentrala da. Ezkerrak, identitate politiken bidez fragmentazioan sakondu baino, artikulazioan jarri beharko luke arreta; indar metaketan.

Aldaketa material horiek gauzatzeko tresna izan behar du euskal errepublikak. Zati batean (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) 40 urteren ondoren gure bizi baldintza materialak jokatuko dira estatusari buruzko eztabaidan. Zein dira marko berri horrek bermatu beharko lituzkeen minimoak? Nola batuko ditugu indarrak aldarri horien bueltan, bakoitza bere aldetik ibili gabe?