Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Itxaropen aktiboa

Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa dela medio, makina bat egoera gogor ezagutu ditut gertutik eta inguruan ere. Hala, besteak beste, presoak dituzten senide askorekin harremana dut eta lanean ere askotan egokitu zait gai mingarri horren inguruko berriak ematea. Urteekin azala gogortzen joaten dela-eta, batzuetan immunizatuta gaudela pentsatu izan dut, neure burutik hasita.

Oraingoan ere, usteak ustel. Ion Kepa Paroten arreba elkarrizketatu dut berrikitan eta familia horren azken 28 urteotako sufrikarioaren tamainak barruak astindu dizkit (beste behin ere). Hunkituta oso atera nintzen elkarrizketatik eta desmasia honetara ohitzea ezinezkoa zaidala ohartu nahiz (beste behin ere).

Bosgarrenez, baldintzapeko askatasuna ukatu diote epaileek. Onartu izan baliote ere, ezarri zizkioten baldintzak ikusirik, erdizkako askatasuna izango luke. «Horri ezin zaio askatasuna esan», zioen Urtsoa arrebak. Halere, esperantza izpi bat sumatu nion atzean, etxeratzeko prozesua neketsu eta luzea izango zela jakin arren, bi gela (bestea Unai anaiarentzat) prest zituelako.

Azken urte eta hilabeteetan egindako hamaika ahaleginen ondoren, Pariseko gobernuak presoekiko daraman politika ez-gizatiarra aldatzen hasiko dela entzuten ari gara. Primerako aukera zuen orain, baina Parot sendiaren itxaropenak ez ezik, milaka herritarrenak ere zapuztu egin ditu (beste behin ere). Eta Parisetik berri onak noiz etorriko igurikiz segitzen dugu. Alta, ez zeruari begira norbaitek mana moduan igorriko digulakoan. Argi asko adierazi du Oihana ilobak: «Esperantza hala-hola atxikiaz, jendearekin batera tinko segituko dugu osabak, aitak eta besteek askatasuna berreskuratzeko borrokan».

Itxaropen aktiboa darie bere hitzei, eta hori da antidoto hoberena mendekuzko espetxe politika aldarazteko eta baita bi gobernuen asmoei aurre egiteko ere, bistakoa baita gure herrikideak gatibu eta baldintza horietan mantentzearekin, ehunka senide eta lagunen bizitzak hondatzeaz gain, askatasun nazionala eta soziala bilatzen duen proiektu politikoa hondoratzea dutela helburu.