Asier AIESTARAN
Elkarrizketa
ANDONI ARABAOLAZA
KAZETARIA

«Liburuan mendiaren bi ikuspuntu kontrajartzen ditut: aisiarena eta biziraupenarena»

Andoni Arabaolaza Oruezabala (Hernani, 1964) izan da Maria Remedios Guillen mendi literatura sariaren irabazlea «Un oasis en las montañas» lanarekin. Kazetaria ofizioz, 17 urte daramatza GARAko Mendia atal honetan alpinismoaren eta eskaladaren berri aipagarrienak jorratzen. Hainbat kazetaritza sari jasoa, oraingoan bere literatura izan da Euskal Herritik kanpo aitorpena jaso duena.

Behingoagatik, Andoniri lekukoa hartu eta bera jarri dugu elkarrizketatuaren lekuan. Idazten bakarrik ez, hizketan ere abila dela erakutsi digu.

Zure kazetaritza lana aski ezaguna da, eta askotan saritua ere izan da. Arlo literarioa, ordea, ez genuen horrenbeste ezagutzen. Noiztik zabiltza horretan? Zein izan da zure jarduna?

Ba institutura pasa nintzenean matematika, fisika eta abarrak gurutzatu egin zitzaizkidan. Eta azkeneko bi urteetan letras puras aukeratu nituen. Jada garai horietan baneukan sormenarekiko joera bat, gogoeta bat. Baneukan zerbait idazteko beharra. 16-17 urterekin edo, poesia idazten hasi nintzen. Oso hippia nintzen. Aurkeztu nituen lan batzuk lehiaketaren batzuetara, eta “Pyrenaica”-n adibidez irabazi nuen sari bat, geroago besteren bat ere bai.

Kontua da unibertsitatean sartu nintzela eta lasaiago hartu nuela, nahiz eta zerbait idazten jarraitzen nuen. Behin unibertsitatea amaitutakoan, kazetari lanetan hasi nintzen eta horrenbeste idatzi behar horretan sormenerako tarte askorik ez nuen hartzen. Beti izan naiz nahiko alferra horretarako, harrigarria egiten zait entzuten ditudanean idazle batzuk esanez gaueko 12.00etatik 3.00etara idazten dutela eta horrelakoak. Ez da nire kasua. Eta anbizio berezirik ere ez dut inoiz izan.

Gauza laburrak idazten nituen batez ere, baina une batean lan luzeago bat idazteko gogoa piztu zitzaidan. Bospasei urte horrekin bueltaka nenbilen, baneuzkan ideia batzuk buruan, eta bat-batean, egun batean txispa piztu zen eta idazteari ekin nion. Batez ere lagunei erakusteko idatzi nuen. Posible nuen euskaraz idaztea, nire ama hizkuntza da eta uste dut gazteleraz baino hobeto moldatzen naizela, baina lagunei erakusteaz gain, argitaletxe batera aurkeztearena ez neukan batere argi. Nire aurreneko lan luzea izanda, sentsazio txarrarekin ez nuen geratu nahi. Eta erabaki nuen erdaraz idaztea eta Cuentamontes lehiaketara aurkeztea, ordurako ezagutzen nuelako.

Harrigarria izango zen aurreneko lan luzea idatzi eta saritua izatea, ezta?

Bai, bai. Diodan bezala, ez duzu idazten helburu horrekin. Espainian, esaterako, ez daude horrenbeste lehiaketa mendiko literatura jorratzen dutenak, bat edo bi egongo dira. Azkenean zu baino jende hobea aurkeztuko dela pentsatzen duzu. Eta gainera, ni gazteleraz idazten... Lagun batek egin dizkit zuzenketa lanak, lan bikaina egin du, eta inori ezer esan gabe aurkeztu nuen lana. Eta deitu zidatenean sekulako ezustekoa izan zen. Rekonfortantea ere bai. Inolako asmorik gabe joan eta sari batek lan hori aitortzea beti da pozgarria.

«Un oasis en las montañas» nobela motza izan da irabazlea.

Esan behar dut hasierako izenburua ez zela hori. Zuzenketa lanak egin dizkidan lagunak proposatu zidan, eta egia esan, asko gustatu zitzaidan. Lotura oso estua du liburuan agertzen den aipu batekin, oasiaren kontzeptua nabarmenduz. Nik uste liburuko bi pertsonaiekin zerikusi handia duela, Xixilirekin eta Sakinerekin. Mendia oasi bat den ideia, leku garbi bat, askea...

Zer azaldu dezakezu liburuari buruz gehiegi kontatu gabe.

Protagonista nagusia Xixili da, 22 urteko neska bat, eskalatzailea, feminista eta lesbiana. Bere helburua 8. graduko bide bat egitea da. Bien bitartean ikasten ari da, eta Erasmus bidaia batean Innsbruckera joaten da. Bertan dagoela Sakine ezagutzen du, Kurdistango neska bat. Hor harreman bat hasten da, baina Sakinek erabaki bat hartzen du eta Innsbrucketik desagertu egiten da. Handik denbora batera Xixilik Sakineren gutun bat jasoko du, esanez bere herrialdera itzuli dela eta PKKn sartu dela bere herriaren alde borrokatzera. Eta gonbidapena egiten dio berari bisitan joateko. Asko pentsatu ostean, Xixilik Kurdistanera joatea erabakitzen du.

Xixili pertsonaia nagusia neska gazte bat da, zure «alter egoa» izan daitekeela aipatu duzu adierazpen batzuetan.

Liburua irakurri duen lagun batek baino gehiagok esan dit hori. Azkenean ni ere gaztea sentitzen naiz. Asko eskalatu dut gazteekin, jarraitzen dut beraiekin eskalatzen, eta urte askoan jarraitzea espero dut. Ongi ezagutzen ditut, uste dut psikologo lan ona egiten dudala beraiekin. Xixili geldirik egon ezin duen neska bat da, eta ni ere horrelakoa naiz. Eta nik ere baneukan eskalada hutsari buruzko lan bat idaztea, baina naizen bezalakoa izanda beste zerbait egiteko beharra nuen. Horregatik idazten dut Kurdistani buruz.

Egin Irratian lan egiten nuenean ere, GARAn hasi aurretik, nahiz eta aditua ez izan, nazioarteko gaiek beti erakarri naute, konflikto desberdinek. Garai horretan asko landu nituen Balkanetako gatazkak, Ipar Irlandako bake prozesuaren inguruko eztabaidak, Palestina, Txetxenia… Eta kasu honetan Kurdistango egoera landu nahi nuen, iruditzen zaidalako eskalada ez dela joan eta 7-8 ordu horretaz bakarrik hitz egiten egotea. Ni aspertu egiten nau horrek. Ni gizabanako bezala beste gai batzuez ere arduratzen naiz, eztabaidatu. Eta lan honek Kurdistango herriari keinu bat egin nahi dio. Han ere badaudelako mendiak, baina gehienak debekatuta, gerrillariak daudela argudiatuta.

Eta hor nik mendiari buruzko bi ikuspegi kontrajartzen ditut. Batetik aisiarena, kirolarena, Xixilirena. Eta bestetik biziraupenarena, kurduek askotan dioten bezala, beraien lagun bakarrak mendiak direlako, bertan ezkutatzen direlako, bertan borrokatzen direlako.

Eskalada, mendia, bidaiak… Erraza egiten zaizu «zure» eguneroko gaian fikzioa egitea? Ez da arriskua egoten oharkabean kazetaritzara jotzeko?

Denetarik dagoela esan didate. Fikzioak pisua daukala, baina kazetari ukitua ere nabaritzen dela. Argi dago dokumentazio lan bat badagoela: Kurdistango mendiei buruzko informazioa eta abar. Norbaitek esan dit, bai, agian hobe zela pertsonaien harremanean gehiago sakondu eta eskaladari buruzko testuren bat kentzea. Orokorrean fikzioan eroso sentitzen naiz, baina egia da elementu periodistikoak sartzen ditudala, askotan ia konturatu gabe gainera. Nik uste orokorrean ongi uztartu ditudala, eta esango nuke bien artean lotura bat dagoela.

Kurdistan, askapen borroka… Herrien arteko enpatia bat ere badago hor?

Hala da. Lehenago aipatu dizudanarekin zerikusi handia du. Ideia aurrera eramateko azken bultzada, esaterako, Hernanin Kurdistani buruz antolatu zituzten jardunaldi batzuek eman zidaten. Antolatzen lagun bat zebilen eta laguntza eskatu zidan, eta horretan nenbilela “bonbilla” piztu zitzaidan, «hauxe da momentua». Une gogorrak ziren herri kurduarentzat, azken hamarkada eta mendeak izan dira gogorrak haientzat, baina pentsatu nuen une ona zela Kurdistango gaiari heltzeko. Eta keinu bat egin, nahiz eta mendiaren ikuspegitik izan.

Eta keinuez ari garenez, emakumeen borroka ere presente dago, baita lengoaiari dagokion aldetik ere.

Xixilik adibidez gizonezkoekin bakarrik eskalatzen du. Azkenean kirol eskalada gizartearen isla besterik ez da, eta gauzak zorionez apur bat aldatzen ari diren arren, kosta egin da emakumezkoak eskaladan, alpinismoan orokorrean, sartzea. Hartzen duzu edozein liburu, aldizkari… eta gizonezkoak dira nagusi. Horregatik egiten dut keinu hori, emakume baten ikuspuntutik kontatu hemen zer gertatzen den: zer jarrera dauden, zer lexiko erabiltzen den, zer homofobia dagoen…

Bi adibide aipatuko dizkizut. Mendi blog batean irakurritakoa: “las variantes gays…”, eskalada bide errazagoak deskribatzeko. Edota Alex Honnold-en liburu batean irakurritakoa, erreferentzia handia dena alpinismoan: “me caí, mano rota… qué nenaza”. Hori dena existitzen da, eta Xixilik horiekin eskalatzen du. “Peluquera”, “maricona”… entzuten ditu. Norbaitek esango dit hori ez dela horrela, baina nik esango nuke baietz, eta gizonezkoen artean nahiko orokortua dagoela, batez ere neskarik ez dagoenean aurrean.&discReturn;

Sari honek idazten jarraitzeko indarra emango dizu, ezta?

Irakurri duen lagun batek esan zidan bigarrenaren esperoan zegoela. Esan nion hau ez dela txurroak egitea [barreak]. Animatu bai, baina esan bezala anbizio berezirik ere ez daukat.