GARA
DONOSTIA

Martuteneko auzotarrei deia, ikastolatik at euskarazko aukera berriak sortzeko

Egia eta Dimako proiektu pilotuei segika, Sortzen elkarteak landutako ikasle euskaldun eleaniztunen egitasmoa jarri nahi du martxan Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolak. Horretarako bilerara gonbidatu ditu auzoko bizilagun eta eragileak, haur eta gazteak euskaldun oso izatea eta euskara normaltasunez erabiltzea «denen ardura» baita.

Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolak bertako bizilagun eta eragileei dei egin die, denen artean haurren hezkuntza eta hizkuntza proiektua lantzeko. Izan ere, ikastolako arduradunen esanetan, «gure haur eta gazteak euskaldun oso izatea eta euskara normaltasunez eta ohikotasunez erabiltzea lortzea denon ardura da: ikastetxearena, gurasoena, auzoarena eta haurraren ingurune osoarena». Hitzordua bihar da, 19.00etan gaztelekuan.

Martuteneko euskararen ezagutza 2011ko datuen arabera %42koa den bitartean, 2016ko kale erabileraren neurketa datuek diote kaleko erabilera %13,9koa dela. «Honek eragin zuzena du eskola giroan eta konturatu gara gure egunerokoan gure ikasleak gela barruan euskaraz ari badira, pasabideetan, atarietan eta kalean gaztelaniaren erabilera areagotzen ari dela».

Era berean, mundu globalizatu honetan, gero eta garrantzitsuagoa da hizkuntzak jakitea. Eta ikastolako arduradunek badakite etorkizun laburrean ez dutela pertsona elebakar edo elebidunez hitz egingo, pertsona eleaniztunez baizik. «Dagoeneko ez da nahikoa hizkuntza bakar batekin jokatzea eta egungo herritarrentzat eleaniztasuna garatu beharreko oinarrizko gaitasun bihurtu da».

Kezka horretatik abiatuta, Arantzazuko Ama ikastolakoek argi dute auzoko haurrek, eta bide batez beren ikasleek, euskarazko espazio eta aukera berriak izan behar dituztela ikastetxetik kanpo. Euskara ikastetxeko eremutik harago zabaltzeko beharra ikusten dute eta haren erabilera sustatzeko auzoa ere inplikatzea ezinbestekotzat jotzen dute. Horregatik, ikasle euskaldun eleaniztunen egitasmoa jarri dute abian ikastolan; Kontseiluaren baitan Sortzen elkarteak landutakoa. Bi ildo nagusi ditu. Batetik, eskolan bertan jarduten dute buru-belarri euskararen garrantziaz ohartarazteko, eta bestetik, herrian (kasu honetan, auzoan), aktore guztiek elkarlanean dihardute.