Andoni ARABAOLAZA
Protagonista

Yosemiteko mito handiak, «The Bird»-ek, agur esan digu

Hainbat hilabetez C hepatitisaren ondorioak jasan ondoren, Jim Bridwell hilaren 16an zendu zen, Kalifornian(AEB). 73 urte zituen, eta Yosemiteko «Stone Masters» talde ezagunaren buru nagusietarikoa izan zen.

Lagun batek albistea eman zidan: «Zure lagun berezi hori hil da». Inolako zehaztasun gabeko berriak urduritu egin ninduen: «Bai, Jim Bridwell». Hori entzun ondoren, lasaitu ederra hartu nuen; izan ere, lagun berezia ez zen. Bitan izan nuen Bridwell-ekin egoteko aukera: Bilbon eta Torellon. Eta, onartu behar dut, oso-oso hurbilekoa iruditu zitzaidala.

Bada, bai, Bridwell joan zaigu. 73 urte zituen, eta, senitartekoek aurreratu digutenez, hainbat hilabete zeraman C hepatitisak jota: «Ziur aski, 1980ko hamarkadan Borneon eginiko espedizioan kutsatu zen; hain zuzen ere, egin zioten tatuaje baten ondorioz».

The Bird (hala ezagutzen zuten) era horretan zendu da. Hainbat hamarkadatan, Ameriketako Estatu Batuetako eskaladaren ikono bat izan zen. 17 urte zituela, Yosemitera heldu zen, eta hango Urrezko Aroko “buruzagi” zirenetatik ikasten hasi zen. Besteak beste, Royal Robbins, Layton Kor, Chuck Pratt eta Frank Sacherer The Bird-en irakasleak izan ziren.

Bridwell, berriz, hauen asmoak fusionatzen izan zen; hain zuzen ere, Yosemiteko bilakaeran garrantzi handia izan zuen Stone Masters taldearen eskutik. Bera zen buru nagusia.

Inolako zalantzarik gabe, Yosemiteko hormatzarrak “jolas eremu” nagusi izan zituen, eta 60ko hamarkadaren amaieratik 80kora arte erreferente nagusietarikoa izan zen.

Alpinista ere

Kapitainen, adibidez, “The Nose” bide mitikoari azkartasunaren kontzeptua erantsi zion. Gutxik espero zuten marra hori egunean eskala zitekeela, eta sinetsi egiten zutenen artean Bridwell zegoen. Azkenean, helburua betetzea lortu zuen. Horretaz gain, Kapitain, Half Dome, Higher Cathedral Rock, Arch Rock... hormatzarretan makina bat bide zabaldu zituen.

Baina Yosemiteri emandakoaz harago, aipatu behar dugu zendu berri den mito honek mundu zabaleko beste horma eta mendi entzutetsuetan ere goi mailako eskaladak egin zituela.

Patagonian, adibidez, Cerro Torreko (Patagonia) Cesari Maestriren “Konpresore” bide polemikoa 36 orduan igo zuen. 1979. urtea zen. Alaskan, berriz, 1981. urtean, Moose´s Toothen kalitate handiko eta oso zaila den bide bat estilo minimalista batekin zabaldu zuen. Eta 1982. urtean, Pumoriren neguko lehen igoera lortu zuen.

Azkenik, esploratzaile bezala, Txinako mendebaldeko eremu basatietan, Borneon... egon zen.