2018/03/04

MIREN ARZALLUZ
PARISKO MODA MUSEOKO ZUZENDARIA

Nazioartean hainbat proiektutan murgildu da Miren Arzalluz (Bilbo, 1978) historialari eta komisarioa, moda beti begiz jotako itu izanda. Etxepare Institutuko zuzendaritzan urtebete egin ondoren, urtarrilaz geroztik Parisko Palais Galliera prestigiotsuko burua da. Ametsa bere larruan bizitzea egokitu zaio, erronkak bere gain hartuta.

«Amets bat da hemen egotea, baina gizakiak gara eta beldurrak ere izaten ditugu»
Ariane KAMIO|DONOSTIA
0304_kul_arzalluz

Historian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta ondoren Politika Konparatuko master bat egin zuen London School of Economics-en. Bigarren bat ere eskuratu zuen The Courtauld Institute of Art-en Trajearen Historian sakonduz. Victoria & Albert Museum-en eta Royal Ceremonial Dress Collection-en lan egin izan du, baita Getariako Balentziaga Museoan ere –komisarioa eta kolekzio arduraduna izan zen 2006 eta 2013 artean–.

Moda izan du betitik pasio Miren Arzalluzek, eta modak nazioartean duen gune historiko nagusienean erronka berri bati ekin dio orain gutxi. Urtebete eskas Etxepare Institutuko zuzendaritzan igaro ondoren, Parisko Moda Museoko buru da urtarrilaren 8az geroztik. «Edonork hitz egin eta uler dezake modaz. Euskal txapelaz hitz egitea ere modaz aritzea da», esan du alorrari atxiki ohi zaion gorentasun maila gutxituz. Ohiko apaltasun eta zintzotasunez erantzun ditu Palais Gallierako bulegotik egunkari honek egindako itaunak.

Jakin nahi nuke zer moduz zauden, zeintzuk diren lehenengo sentsazioak hasi berri duzun ibilbide honetan.

Oso ondo nago, oso pozik hemen egoteagatik. Hunkidura eta euforia pasatu dira eta orain lanean erabat murgilduta nago, erronkei eutsi beharrean. Jo eta su. Eta bizitza berria eraikitzen. Dena zerotik hasten da. Ni asko bizi izan naiz kanpoan, baina hau herrialde berri bat da, ez naiz sekula Parisen bizi izan. Erronka handi bati aurre egitea da. Sentimendu asko batera, baina oso pozik. Hilabete pasa egin dut dagoeneko hemen, urtarrilaren 8an hasi nintzen lanean, eta ja zentratuta nago, aterrizajea pasa da, eta gauzei heltzen ari naiz.

Kuriositatez, eskaintza jaso zenuen zuzendari kargua hartzeko edo hautapen prozesu baten bidez iritsi zara Palais Gallierako gidaritzara?

Prozesu bat izan zen, beraz, izendapena ez zen guztiz sorpresa izan. Nik banekien kargua libre geratuko zela. Aurreko zuzendaria [Olivier Saillard] kolega eta laguna ere badut, eta berak esan zidan utzi egin behar zuela, aspaldi. Baina ez zitzaidan burutik pasa ere egin nire burua aurkeztea, batetik, Etxeparen nenbilelako buru-belarri, eta, bestetik, ez nuelako posible ikusten Parisko moda museo publiko batean frantsesa ez den norbait hautatzea. Gainera, nik frantsesez egiten dut baina ingelesez asko hobe! [Barreak].

Orduan ez nuen pentsatu ere egin posible zenik. Epe luze bat izan zen aurkezteko. Curriculuma eta proiektu bat aurkeztu behar ziren. Denbora pasa zen, eta ez neukan aurkezteko pentsamendurik. Baina hainbat lagunek eta beste museoetako kolegek animatu egin ninduten. In extremis, epea bukatu aurretik, azken egunetan bidali nuen nire hautagaitza. Behar zenarekin ere hitz egin nuen bere momentuan bera ere jakinaren gainean egoteko. Azken batean leialtasuna zor nion [Etxeparerako] ni proposatu ninduen horri.

Horrela egin nuen. Elkarrizketak hasi ziren, probak pasa nituen eta pasa zen pentsatzen ez nuena. Orduan ja behartuta nengoen aurrera egitera. Izan nituen nire momentu kritikoak ere, baina egin behar zen.

Amestutako proiektu bat da hau zuretzat.

Bai. Moda museo handi bat da, moda bilduma handienetariko bat duena, Parisen dago, modaren nazioarteko kapitalean. Ez dago bakarrik bilduma hau, badaude beste artxibo batzuk, modaren etxe nagusiak ere hemen daude, beraien artxiboak dauzkate, moda hemen sortzen da. Badaude beste hiriburu batzuk ere, Milan, Londres, New York… Baina Parisek historikoki badu autoritate hori eta oraindik ere mundu mailan moda zentroa da.

Moda oso era intentsuan bizi izateko aukera ematen dizu honek. Guk beti museo barnean egiten dugu lan. Eta beste era batean hartzen dugu parte modan. Gu ez gara industria, ez gara diseinatzaileak, ez gara etxe komertzial bat. Baina giro horren guztiaren muinean egoteak ematen dizu beste ikuspegi bat.

Eta bai, amets bat da. Baita aukera eta erronka handi bat ere. Horrek baditu gauza onak, eta gauza... ez txarrak, baina gizakiak gara eta beldurrak ere izaten ditugu. Baina oso pozik nago. Faltan ere badut herria…

Herrimina sentitzen duzu?

Bai, bai. Baina era berean oso erraza da etxera joatea hemendik. Mundua asko txikitu da eta Paristik etxera ez dago ezer. Bai trenez edo bai hegaldi bidez oso erraza da etxera joatea eta etxekoentzat ere oso erraza da hona etortzea, eta asko gustatzen zait.

Goxokia zenuen esku artean eta orain hura dastatzen ari zarela esan daiteke.

Bai… Orain lan eta lan eta lan eta lan ari naiz.

Etxeparetik Pariserako jauzian aldaketak nabarituko dituzu...

Alde batetik dimentsioagatik bai, baina izaera ere desberdina da. Etxeparek nire profilean beste behar eta ilusio batzuk betetzen zituen. Oso izaera desberdineko proiektuak dira. Gauza desberdinak ukitzen dituzte nigan. Ez dakit ondo azaltzen naizen.

Bai, noski.

Nik esan nuen utzi nuenean, eta beti esango dut, izan nahi dudala aktore bat euskal kulturaren nazioartekotze horretan.

Orain zu zara #BasquingTheWorld dabilena.

[Barreak] Ni beti izan naiz #BasquingTheWorld eta beti izango naiz. Hashtag hori erabiltzen nuen Etxeparen hasi aurretik ere. Orduan freelance bezala aritzen nintzen lanean atzerrian, Parisen, Anberesen… Eta #BasquingTheWorld aspaldi hasi nintzen sarean erabiltzen.

Zer helburu ezartzen dituzu etapa berri honetan?

Museoak azken urte hauetan lortu izan du, eta aurreko zuzendariari esker neurri handi batean, oso toki ikusgarria, garrantzitsua mundu mailan moda museoen artean. Museo berritzaile gisa, erakusketak sortzerakoan eta moda erakusteko era desberdinak aztertu izan ditu aurreko zuzendariak performanceen bitartez, adibidez. Oso museo berritzailea izan da bere diziplinan. Orduan horri jarraipena ematea berez erronka da.

Bada beste erronka bat, berez nik jaso egin dudana, ni etorri aurretik erabaki baitzuten. Museo honetan orain arte erakusketa tenporaletan oinarritutako programazio bat gauzatu izan da beti eta erabaki zen erakusketa permanente bat sortzea. Bazegoen eskaera bat batez ere modaren historia aztertzen duen erakusketa behin-behineko bat egitekoa, Parisen ez dagoena. Erabakia hartu zen hori egiteko, baliabideak aurkitu ziren obra egiteko eta aurtengo irailean hasiko da obra hori.

Hori erronka da, erronka da ere berritzaile izaten jarraitzea, eta erronka programazio erakargarri bat izatea. Erakusketa guztiek mantendu behar dute oreka ekarpen zientifikoaren eta erakargarritasunaren artean. Izan behar du zerbait berria esaten duen proiektu bat, baina, era berean, konektatu behar du publiko orokorraren interesekin. Modaren kasuan jendea badago ohituta oso era espektakularrean bizitzen. Modaren industria era batera bizi da eta guk publikoari dagokionez nolabait konpetitzen dugu, baina gu ez gara industria. Hori guztia orekatu egin behar da eta asmatu. Eta ez da gutxi.

Espazioa fisikoki handituko da, beraz?

Hori da, bikoiztu egingo da erakusketa espazioa. Sotoa moldatu egin behar da eta orduan bikoiztu egingo da espazioa. Soto horretan, moldatutako espazio horretan, egingo da behin betiko erakusketa. Orduan beti izango dugu erakusketa permanentea eta izango dugu betiko programazioa erakusketa tenporalekin.

Zer aurki daiteke gaur egun museoan?

Orain erakusketa berri bat zabaldu dugu, Martin Margiela diseinatzaile belgikarrari buruz, XX. mendeko diseinatzaile inportanteenetariko bat, eragin handia izan duena modaren alorrean. Atzera begirako bat izango da. Nik ez daukat inongo meriturik zeren ni etorri nintzenerako dena egina zegoen. Oso erakusketa interesgarria izango da, oso desberdina izango da orain arte egin direnekin alderatuta. Moda garaikidea izango da, oso kontzeptuala, erradikala, sortzaile interesgarri bati buruz.

Hori izango da obra abiatu aurreko azken erakusketa tenporala, uztailera arte luzatuko dena. Orduan museoa itxiko da obra hasteko eta ateak berriro irekiko ditugu, dena ondo badoa, 2019ko abenduan.

Balentziaga museoan ere aritu zinen lanean. Ez dakit antzekotasunik ikusten duzun gaur egungo lanarekin. Pentsatzen dut hango eskarmentua orain mesedegarri izango zaizula.

Noski, hura izan zen nire eskola. Gainera oso proiektu intentsua izan zen, erronka handia zen moda museo bat Euskal Herrian sortzea, sortzaile bakar bati eskainitako moda museoa, Getarian gainera, ez Donostian, ez Bilbon, ez Gasteizen. Izan zituen, denok dakigunez, gorabeherak, baina oso intentsuki bizi izan nuen esperientzia izan zen. Balentziagan aditua izatea aurkezpen karta oso ona da gure mundu txiki honetan eta han formatu nintzen. Gauza onek eta txarrek denek erakusten dizute zerbait. Horren ostean nire kabuz aritu naiz lanean, baina dudarik gabe oso esperientzia garrantzitsua izan zen.

Ez dakit galdera pertinentea den, baina botako dizut, erantzun nahi baduzu. Jakin nahi nuke ea zure abizenak zenbaterainoko pisua izan duen zure ibilbidean, onerako eta txarrerako. Dena dela, argi ikusten da lortutako guztia zure merituen araberakoa izan dela, zure curriculuma begiratzea besterik ez baitago.

Ni sentitzen naiz liberatuta. Oraindik irakurri izan ditut egunotan, Espainian batez ere, “puertas giratorias” eta halakoak. Jendeak zer uste du, abertzale asko dagoela Parisen nigatik halako gauza bat egingo lukeena? Halako jendea beti egongo da. Berrogei urte egingo ditut aurten eta lehen aldia da sentitzen naizela nire bizitzan liberatuta. Bakoitzak badauzka bere zamak, guztiok dauzkagu gureak. Ni oso harro nago. Ez da zama nire aita zein den. Baina jendeak hori nola interpretatu eta tratatu duen ez da beti samurra izan. Baina listo, egin dugu eta aurrera.

Ez dakit polita den hau esatea edo harrokeria den, baina jende askok transmititu dit herri harrotasun hori. Eta hori handia da niretzat. Sentitzea jendeak ez duela ikusten soilik lorpen pertsonal bat bezala, baizik ni ere euskal kultura naizela. Ordezkari bat naizela. Jendeak hori horrela sentitzea oso gauza handia da niretzat. Ez nuke nahi hori harrokeria gisa ikustea inork, baina nire barnean bada satisfazio bat.

ZAMAK


«Bakoitzak badauzka bere zamak, guztiok dauzkagu gureak. Ni oso harro nago. Ez da zama nire aita zein den. Baina jendeak hori nola interpretatu eta tratatu duen ez da beti samurra izan»

OREKA


«Erakusketa guztiek mantendu behar dute oreka ekarpen zientifikoaren eta erakargarritasunaren artean. Izan behar du zerbait berria esaten duen proiektu bat, baina, era berean, konektatu behar du publiko orokorraren interesekin»

LEIALTASUNA


«Behar zenarekin ere hitz egin nuen bere momentuan, bera ere jakinaren gainean egoteko. Azken batean leialtasuna zor nion [Etxeparerako] proposatu ninduen horri»