Andoni ARABAOLAZA
XEDEA

Komunismo mendia falta da «Neguko Elurretako Lehoinabarra» biribiltzeko

Sergei Seliverstov, Semion Dvornitxenko, Roman Abildaev eta Alexei Usatikhek osatutako talde kirgizistandar-errusiarrak Korzhenevskaia igo du. Komunismo mendia falta zaie orain proiektua amaitzeko.

“Elurretako Lehoinabarra” bezala ezaguna den xedea 600 alpinistak baino gehiagok lortu dute. Tartean, euskal mendizale batek: Xabier Ormazabalek. Proiektu horrek bere baitan Sobietar Batasuna izandakoaren bost zazpimilako jasotzen ditu: Khan Tengri (7.010 m), Ibn Sina edo Lenin (7.134 m), Jengish Chokusu edo Pobeda (7.439 m), Korzhenevskaia (7.105 m) eta Ismail Samani edo Komunismo (7.495 m).

Duela bi urte aurreratzen genizuen bezala, xede hori oraindik ez du inork ere neguan biribildu. Aipatzen genizuen ere proiektuan buru belarri hasi zirenak honakoak zirela: Sergei Selivertsov, Mikhail Danitxkin, Roman Abildaev eta Semion Dvornitxenko kirgizistandarrak eta Alexei Usatikh errusiarra. Horiek guztiek Lenin mendia igo zuten 2016ko neguan, eta, iaz, Khan Tengri eta Pobeda. Beraz, zerrenda amaitzeko Korzhenevskaia eta Komunismo meniak igo behar zituzten.

Eta iragan urtarrilean aipatu dugun lehen zazpimilakoarekin egin ziren; gainera, bide berri batetik igota. Kanpaleku nagusia hilak 6an antolatu zuten: «Ezusteko handia jaso genuen, izan ere, apenas zegoen elurrik. Ohiko bidetik saiatzea baztertu genuen, eta ‘Romanov’-era abiatu ginen. Baina haizete indartsuek ezer gutxi egiteko aukera eman ziguten».

Komunismo, ez

Hilak 13an, bestalde, ohiko bidea aztertzera abiatu ziren. 6.100 metroko kotara heldu ondoren, alpinistok ohartu ziren mendia erabat izoztuta zegoela: «Zorionez, hilak 17an elurra egin zuen. Martxan jarri ginen, besteak beste, haizea baretu zelako eta baldintza horiek aprobetxatu nahi genituelako. Hilak 20an, berriz, eguzkia atera zen; espedizio guztian lehen aldiz. Ertz klasikoa eta ‘Romanov’ bidea elkartzen diren glaziarra zeharkatu genuen, eta erabaki azken marra hori alde batera utzi eta bide berri batetik igoko ginela. Biharamunean, izotzezko sekzio gogorrak eskalatu genituen. Eta, hilak 22an, tontorra egin genuen».

Laukotearen azken helburua Komunismo mendia zen. Alpinistok hara joan ziren, baina zazpimilakoak atzera bota zituen: «Otsailaren 6an, espedizioa bertan behera utzi genuen. Ezinezkoa izan da. Aurrekoan bezala, mendiak ez zuen elurrik; den-dena izoztuta zegoen. Hori gutxi balitz, haizearen indarra muturrekoa zen; ia-ia urakan baten pare. Saiatu ginen, baina, zoritxarrez, eguraldi leiho onik ez zen iritsi. Ea datorren neguan zorte gehiago dugun».

Honi buruzko guztia: XEDEA