Estibalitz EZKERRA
HELDUEN LITERATURA

Generoarekin jolasean

Duela bederatzi urte, 2009ko azaroaren 3an zehazki, estreinatu zuten “Stereo” lana BAD Bilbao Antzerki Dantza jaialdiaren barruan. Formatu txikiko obra zen hura (aktore bakarra oholtzan, 30 minutuko iraupena); arras ausarta gaiari zein formari begira. Generoaren inguruko gaiek, gaur egungo egoerarekin konparatuta, hainbeste oihartzunik ez zutenean bata bestearekiko kontrajarrita baleude bezala aurkeztu izan diren gizon / emakume, maskulino / femenino, pribatu / publiko bezalako kontzeptuei heltzen zien lanak, modu probokatiboan heldu ere, ikusleengan gogoeta kritikoa pizteko helburuarekin. 1990eko hamarkada hasieratik (1990ekoa da Judith Butlerren “Gender Trouble”) filosofia arloan bereziki generoaren gainean plazaratutakoaren oihartzuna antzeman zitekeen lanean, besteak beste, kulturak, gizarteak eta eguneroko jarduerek generoaren formakuntzan eta adierazteko moduan duten eragina. Halako gaia jorratzeko antzerkia baino bitarteko egokiagorik ez dagoela esango lukete askok, antzerkia bera performance-a den aldetik. Antzezlana da “Stereo”, ordea? Edukian bezala forman ere konbentzionala denaren kontra egiten du obrak, antzerkia, dantza eta poesiaren arteko uztarketa, formen arteko jolasa azken batean, proposatuz. Gaztañagak berak azaltzen duen bezala, jolastearen modukoa da antzeztea egoerekin eta nortasunekin esperimentatzeko aukera eskaintzen duelako. Ingelesez, hain zuzen, “to play”, hots, jolastea, esaten diote antzezteari. Baina horretarako, hau da, jolastu ahal izateko, «besteak beste, burua isilaraztea lortu behar izaten dugu eta barne eta kanpo epaiei jaramonik ez egitea» (25). Ikusleek ez ezik sortzaileak eta aktoreak berak jarraitu behar duten printzipioa da hori, bestelako aukeretan (bestelako larruazaletan) murgildu ahal izateko.

Aretoetara iritsi zenetik ia hamarkada geroago ezin esan “Stereo”-k aurkezten dituen ideiek gaurkotasunik galdu dutenik. Aitzitik, aurtengo Martxoaren 8ko greba deialdiek azalarazi duten bezala, generoa oso kontu presentea da. Horregatik, hain zuzen, eskertzekoa da Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak duela bi urte abian jarritako argitalpen bildumaren barruan “Stereo” liburu formatuan kaleratu izana. Bertan obraren sorrera eta garapen prozesua disekzionatzeaz gainera, aktore moduan obra nola bizi izan duen, untxiaren, esprai arteko neskaren, ilehoriaren zein Ralphen azalean sartu eta haiek ikusleen aurrean aurkeztearen esperientzia azaltzen du Gaztañagak. Zentzu horretan, ukitu etnografikoa badu liburuak, egile / aktorearen rolaren azterketa ere baden aldetik.

“Stereo” eta, oro har, aipatu lana oinarri duen liburuak ardatz duen antzerki mota ez da egile / aktorearekin hasi eta amaitzen. Antzerkia talde lana dela esaten du une batean Gaztañagak eta espiritu horren beraren isla da argitalpena bera (azpitituluan bertan, «Miren Gaztañagaren sorkuntza batetik abiatutako talde-lana» dela esaten zaigu). Gaztañagaren gogoetak ez ezik Uxue Alberdiren hitzaurrea, bi elkarrizketa (Gaztañaga eta “Stereo”-n harekin batera zuzendari lanetan ibilitako Ainhoa Jauregiri egindakoa bata eta irudi eta argazkilaritzaren arduradun izandako Ainhoa Resanorekin bestea), obraren soinu arduradun izandako Ibon Aguirreren testua, beste gonbidatu batzuen ekarpenak (Kattalin Miner, Jokin Azpiazu, Miren Narbaiza eta Oihana Garro) eta Oier Guillanek idatzitako hitzatzea biltzen ditu liburuak. Testu bakoitzak “Stereo”-ri berari zein haren oinarrian dauden ideia zein kezkei hainbat modutan heltzen die. Haiek irakurrita, “Stereo” berriro ikusteko gogoa pizten zaio irakurleari.