2018/03/12

Mundiala ongi agurtzeko beste hiru domina
Jon LEUNDA
0312_kir_sokatira

Euskal tiralariek beste hiru domina eskuratu zituzten Txinan jokatu den Goma Gaineko Munduko Txapelketako azkeneko egunean. Atzo bi brontzezko eta zilarrezko bat eskuratu zuen Euskal Selekzioak. Guztira 16 dominarekin amaitu du Euskal Herriak Munduko Txapelketa hau.

Atzokoan emaitzarik onena mutilek eskuratu zuten, 600eko mailan, hain zuzen. Finalean sartu ziren, maila bikaina emanez, baina han ezin izan zuten garaipenik eskuratu, eta amaieran zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuten.

Neskek ere oso lan ona egin zuten, eta bai kluben mailan bai selekzio bezala jokatu dituzten maila guztietan lortu dituzte dominak; kluben mailakoan, ostiralean, gainera, hirurak lortu zituzten. Atzo ezin izan zuen finalean sartu selekzioak, baina hirugarren eta laugarren posturako lehia irabazi zuten, eta horrekin brontzezko domina eskuratu zuten Euskal Herriko selekzioko tiralariek.

Azkeneko domina mistoetan iritsi zen. 600eko mailan lehiatu ziren maila honetan, eta Euskal Herriko selekzioak ez zuen lortu maila honetan ere finalean sartzea, baina hirugarren eta laugarren posturako lehia horretan garaipena eskuratu zuten, eta horren ondorioz hirugarren postua ziurtatu eta brontzezko domina kolkoratu ahal izan zuten.

Azkeneko egunean gizonezkoak 680ko mailan ere aritu ziren, baina hauek ez zuten izan dominarik lortzeko aukerarik. Maila hori ez da izaten egokia euskal tiralarientzat ez goma gainean, ez eta lur gainean ere, eta oraingoan ere garbi geratu da, ez baitute dominarik lortu ahal izan mailarik astunenean. Hala ere, maila honetan berdeek oso itxura ona eman zuten.

Atzoko tiraldiekin amaierara iritsi da aurtengo Goma Gaineko Munduko Txapelketa, eta Euskal Herriak 16 dominarekin amaitu du Munduko Txapelketa. Esan beharrik ere ez dago oso emaitza ona dela. 16 dominetatik bi izan dira urrezkoak, biak kluben mailan, zazpi izan dira zilarrezkoak, eta beste horrenbeste, brontzezkoak. Bertaratu aurretik egin zitezkeen iragarpenik onenak bete dituzte, beraz, euskal tiralariek.