Asier AIESTARAN
PILOTA

Denak materialari begira, baina ahotsik altxatu gabe

Aimar Olaizolak argi onartu du «ahalik eta pilota motelenak» aukeratu dituela larunbateko partidarako.

Finalerdietako lehen jardunaldiko bi bikote irabazleak, Olaizola II.a-Imaz eta Elezkano II.a-Rezusta, Labriten bildu ziren atzo larunbaterako pilotak hautatzen. Eta ikusmina bazegoen materiala ikusteko, aurreko igandean Olaizolak eta Imazek ateratako pilota motelek aurkarien kexuren bat –ez oso ozena– sorrarazi zutelako.

Ez da txapelketan gertatzen den lehen aldia, eta agian burrunba gehien sortu zuena David Merino izan zen, Tolosan jokatutako partida famatu hartan egindako adierazpenen ondorioz. Horri gehitzen bazaio Asegarcek bikote bakarra sartu duela finalerdietako ligaxka honetan, susmo txarrak areagotu egin daitezke.

Egia esan, Elezkanok eta Rezustak ez zuten kexarik azaldu komunikabideen aurrean, eta Bergarako atzelariak motzean aipatu zuen materiala «ona» dela eta benetan hala den edo ez «larunbatean ikusiko dela». Itxuraz ez zuten oso konforme amaitu, baina ez zuten horri buruz gehiago hitz egin nahi izan.

Argiago erantzun zuen Aimar Olaizolak materialaz galdetu ziotenean. «Beraienak biziagoak dira. Gu ahalik eta pilota motelenak aukeratzen saiatu gara. Kontuan izan behar da Beñat tartean dagoela eta niri jokoan sartzeko ahalik eta pilota baxuena komeni zaidala».

Aurkarien gustukoak ez zirela aipatu ziotenean are argiago hitz egin zuen aurrelari goizuetarrak: «Guk ez ditugu pilotak besteentzat aukeratzen, guretzat onenak direnak baizik. Guri ere askotan ez zaizkigu besteen pilotak gustatzen. Gureak ez bazaizkie gustatu, guretzat hobe».

Taktika argiak

Materiala alde batera utzita, eztabaida gai nagusia larunbatean ikusiko den partida mota izan zen. Pentsa liteke Elezkano eta Rezustaren taktika jokoa atzean kargatzea izango dela, Ander Imazen ahulguneak aurkitu nahian, baina kontuan izan behar da oiartzuarrak ederki jokatu zuela aurreko igandean eta Elezkano bera ere sasoi puntu bikainean dagoela.

«Aimarrek eramango du bikotearen pisua. Sasoi bikainean dago eta oso arriskutsua da. Anderri ahalik eta min handiena egiten saiatu beharko dugu, baina badakigu atzera jokatuta bakarrik ez direla partidak irabazten», adierazi zuen Beñat Rezustak horren inguruan.

Aurkariek, aldiz, Aspeko bikotearen indarguneak goraipatu zituzten, jokatutako azken hamabi partidak erreskadan irabazi dituztelako, adibidez. «Denbora daramat txapelketako bikoterik indartsuena dela esanez. Rezustak bi edo hiru urte daramatza atzelari onena izaten, diferentzia handienak markatzen dituena, eta Elezkano ere tantoa erraz amaitzen ari da», ohartarazi zuen Olaizola II.ak.

Hala ere, partida zaila dutela jakitun, borrokarako prest dira. «Ander eta biok ohituta gaude horrelako partidak jokatzera. Gure lana egitera irtengo gara, lana egitera, eta aukera dugunean tantoa amaitzera».

 

Laukotea osorik, lehen aldiz

Deigarria da, baina larunbateko norgehiagoka, lau protagonista horiekin, lehen aldiz jokatuko da aurtengo Binakako Txapelketan. Izan ere, final-laurdenetako ligaxkan jokatutako bi partidetan ordezkoren batek jokatu zuen. Aurreneko itzulian, Ander Imaz izan zen eskuetako arazoekin zebilena, eta bere lekua Alvaro Untoriari utzi zion. Neurketa hura Sorian jokatu zen eta Elezkanok eta Rezustak 21-22 irabazi zieten Olaizola eta Untoriari. Bigarren itzulian, berriz, eta jada sailkapena erabakita zegoela jakinda, bi izan ziren aldaketak: Olaizolak Ibai Zabalarekin jokatu zuen eta Elezkanok Erostarberekin. Bergaran jokatutako partidan berriz ere Aspekoentzat izan zen garaipena: 20-22.

Aimar Olaizolaren ustetan, bi neurketa horiek, parekatuak eta gogorrak biak, ez dute erreferentzia modura gehiegi balio, eta batez ere bigarrenak, bere iritziz «Beñat tartean egonda guztia askoz zailagoa bilakatzen» delako.A.A.