GARA
DONOSTIA

Zoru klausulari buruzko sententzia ia guztiak bezeroaren aldekoak izan dira

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera, zoru klausulen aferako 939 sententzia izan ziren iaz Hego Euskal Herrian eta ia denak bezeroaren aldekoak. Nafarroan, esaterako, denak aldekoak izan dira (115) eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, %98,66 (812).

Zoru klausulen aferan kaltetuak izanik auzitara jo zuten ia euskal bezero guztiek beren aldeko epaia jaso zuten 2017. urtean zehar ebatzitako auzietan. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jakinarazi zuenez, 939 salaketa ebatzi zituzten halako gehiegikerietan berezitutako epaitegietan, eta horien %98,72 bezeroaren aldekoak izan ziren.

Ekainaren 1ean, gehiegizko klausulei buruzko urgentziazko plana jarri zen abian, herrialde bakoitzean epaitegi espezializatu bat kokatuz, kasu hauekin lotutako gaiak modu esklusiboan eta ez baztertzailean aztertzeko. Hala, urte amaieran sententzia kopurua handitu egin zen.

Nafarroan, esaterako, bezero guztiek jaso zuten aldeko erantzuna; hau da, auzitara jo zuten 115ek. 2017ko hirugarren hiruhilekoan 17 sententzia erregistratu zituzten, eta laugarrenean, 98.

Araban, gutxien

Beste hiru herrialdeetan, aldiz, aldeko epaiak ez dira iritsi %100era. Gipuzkoan emandako 161 sententzietatik %99,37 izan ziren bezeroaren aldekoak. Herrialde honetan 19 salaketa aztertu ziren uztailetik irailera bitartean –horiek guztiak aldeko ebazpenarekin– eta beste 142 urritik abendura, eta %99,3 bezeroaren alde izan ziren.

Bizkaian epaiak 456ra iritsi ziren, hau da, Hego Euskal Herriko salaketen %48,56 herrialde horretakoak izan dira, eta bezeroen %98,68k jaso zuten aldeko ebazpena. Auzitara jotzeko aukera zabalduz geroztik, 101 salaketa ebatzi ziren; urtearen azken hiru hilabeteetan, aldiz, beste 355 sententzia eman zituen epaitegiak.

Azkenik, Araban izan da aldeko epaien portzentajerik txikiena Hego Euskal Herriari dagokionez. Guztira emandako 207 sententzietatik %97,58 izan dira kaltetuen fabore. Arabako epaitegian ere, azken hiruhilekoan kaltetu gehiagok jaso zuten egindako salaketaren ebazpena; izan ere, uztailetik irailera bitartean 57 sententzia jakinarazi ziren –horietatik %96,5 aldekoak–, eta urritik abendura, aldiz, 150era igo zen jakinarazitako epaien kopurua –%98 alde–.